Ezkutuko altxorrak ezagutzera emateko programa, prest

Uztarria.eus 2018ko mar. 7a, 17:29
Alaitz Aguado, Edurne Etxeberria, Eneko Etxeberria, Ana Heriz, Jexux Mujika eta Agustin Lizarralde. (Ihintza Elustondo)

Asteburu honetan hasiko da aurtengo Ezkutuko Altxorrak programa, eta urtea amaitu bitartean, 57 bisita egingo dituzte Urola Erdian, Urola Garaian eta Debagoienan. Programaren helburua da gune horietako kultur ondarea ezagutzera ematea.

Herritarrentzat barrutik ezezaguna den ezkutuko altxor batean, Basozabal jauregian, Ezkutuko Altxorrak programa aurkeztu dute gaur Urola Erdiko, Urola Garaiko eta Debagoienako ordezkariek. Hiru eskualdeak batzen dituen Ignaziotar Lurraldea turismo sustapenerako eta dinamizaziorako proiektuak jaso du aurtengo Europako lekuen bikaintasuna saritzen duen Eden sarietako bat, eta sari hori emateko arrazoi nagusietako bat izan da Ezkutuko Altxorrak programa. Programaren helburua da eskualdeko ondarea ezagutzera ematea, "ezezagunak izan arren benetako altxorrak diren guneak" herritarrengana gerturatzea.

Asteburu honetan hasiko da aurtengo Ezkutuko Altxorrak programa, eta urtea amaitu bitartean, 57 bisita egingo dituzte hiru eskualdeetan. Bisita horiek hilabeteko bigarren asteburuan izango dira, eta kultur ondarearekin ez ezik, gastronomiarekin eta naturarekin ere izango dute zerikusia. "Herri guztietan oso ondare aberatsa dago, eta nahi duguna da jendea horren jakitun izatea. Horrez gain, bisitariak herrietara erakartzeko amua izatea ere nahi dugu ondare hori. Jendeak beti izan du ohitura kostaldera joateko, baina barrura etortzeak ere merezi du, barruan ere bila daitezkeelako altxorrak", azaldu du Eneko Etxeberria Azpeitiko alkateak.

Edurne Etxeberria Urola Garaiko turismo teknikariak programak izan duen eboluzioa nabarmendu du: "Hasieran, ondarea ezagutaraztera mugatzen ginen, baina, pixkanaka, balio erantsia gehitu diegu bisitei: naturarekin nahiz gastronomiarekin lotu ditugu bisitak, familientzako bisitak ere antolatzen hasi gara...". Positiboki baloratu du garapen hori Etxeberriak. Ana Heriz Debagoieneko Mankomunitateko garapen agentziako turismo teknikariak, berriz, Ingaziotar Lurraldea proiektuaren bidez hiru eskualdeak elkarrekin egiten ari diren lana azpimarratu du.

Izen ematea, zabalik

Programako bisita gehienak doan izango dira, baldin eta balio erantsirik ez badute; dastaketak edo irteera luzeak, esaterako, ordaindu egin beharko dira. Ohiko eskaintzaz gain, taldeentzako bisitak ere antolatuko dituzte aurtengoan; hau da, zehaztutako datetatik kanpo, aurrez adostuta, taldeentzako bisitak egingo dituzte. Horretarako, talde eta bidaia agentziekin harremanetan egongo dira hiru eskualdeetako teknikariak.

Bisitetan parte hartzeko, aurrez izena eman behar da. Urola Erdiko turismo bulegoan (943-15 18 78 / 943-85 11 00), Urola Garaiko turismo bulegoan (943-72 20 42) eta Debagoienako turismo bulegoan (943-79 64 63) eman daiteke izena. Honako helbide honetara mezu bat idaztea da izena emateko beste aukera bat: info@ingaziotarlurraldea.com.

Eden saria eskuratzeko, Ezkutuko Altxorrak programa ezinbesteko tresna izan dela nabarmendu du Azpeitiko alkateak. Jexux Mujika Iraurgi Berritzen garapen agentziako turismo teknikariak, berriz, sari horrek "lanean jarraitzeko motibazioa" ematen duela gaineratu du. Sariaren diploma Fiturren jaso zuten urtarrilean, eta martxoaren 22an jasoko dute saria bera Europako Komisarioen eskutik, Bruselan.

Hona hemen asteburuko egitaraua:

Martxoak 10, larunbata
-Azpeitia. Soreasuko Sebastian Donearen eliza (12:00)
-Legazpi. Chillida lantokia ezagutzera (10:30)
-Oñati. Kakao zaporea Ignaziotar lurraldean (12:00) eta Madalenako ermita (17:00).

Martxoak 11, igandea
-Azkoitia. Ilustrazioa eta Azkoitia (12:00)
-Zumarraga. Antioko baseliza eta Interpretazio Zentroa mokadutxoarekin (12:00)
-Leintz Gatzaga. Gipuzkoako urre zuria, Leintz Gatzagako gatza (12:00)

Kontsultatu hemen gainontzeko bisita gidatuak.