Sari banaketa eginda, zabalik da Sokamuturra 2018 argazki lehiaketaren erakusketa

Uztarria.eus 2018ko mar. 3a, 16:04

Gaur, martxoak 3, eguerdian banatu ditu Azpeitiko Argazki Elkarteak (AAE) Sokamuturra 2018 Imanol Elias Saria argazki lehiaketaren garaikurrak. Iaz bezala, Foruen Ibilbideko erakusketa aretoan jarri dituzte ikusgai karnabaletako sokamuturrean eta jai giroan atera eta aurtengo lehiaketara aurkeztu diren argazkiak, eta erakusketa aretoan bertan egin dute sari banaketa. Aurten, 22 herritarrek bidali dituzte beren irudiak karnabaletako argazki lehiaketara. Orotara, 2018ko karnabaletan hartutako 112 argazki aurkeztu dituzte.

Sari banaketarako hitzordua 13:00etan zuten jarrita, eta ordurako jende asko hurbildu da erakusketa aretora. Aurrena argazkiak ikusteko tartea hartu dute, eta geroxeago ekin diote sari banaketari. 

Joan den asteazkenean hartu zuen epaimahaiak XXXIX. Sokamuturra Argazki Lehiaketaridagokion epaia. Jabier Beristainek, Mikel Zengotitak eta Mikel Arrietak osatu dute aurtengo epaimahaia, eta haiek horrela erabakita, Roman Azkueren Estafeta txikiye argazkia izan da onena.  

Honako hau da epaimahaiaren erabakia:

1. saria: Roman Azkue, Estafeta txikiye argazkiarekin.

2. saria: Santi Elias, Erdikale 22  argazkiarekin

3. saria: Jexus Artola, Jendetza argazkiarekin

4. saria: Miguel Angel Iriarte, Ustekabean argazkiarekin

5. saria: Beñat Unanue, Torero Kuadrilla argazkiarekin

Iñaki Joaristi Altzarte saria, inauterietako jai giroari buruzko argazki onenaren saria, Iñaki Aranburuk irabazi du Veneciako karnabala argazkiari esker.

Argazki erakusketa zabalik izango da martxoaren 25era arte, Foruen Ibilbideko aretoan. Astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara egongo da irekita. Asteburuan, aldiz, 12:00etatik 14:00etara. Herritarren saria erakusketara bertaratzen diren herritarrek aukeratuko dute, gehien atsegin duten argazkiaren aldeko boza emanda.

Roman Azkuek Sokamuturra 2018 argazki lehiaketako irudi irabazleaz hitz egin du, Azpeiriko Sokamuturra 500 urte herri batzordeak grabatutako bideo labur honetan: