Gipuzkoako eta Euskadiko txapelak jokoan izango dira Azkoitia-Azpeitia maratoi erdian

Uztarria.eus 2018ko mar. 2a, 17:49
Xabat Manzisidor azpeitiarra hirugarren sailkatu zen iazko Gipuzkoako maratoi erdi txapelketan.

Txapelketa horietan parte hartu nahi duten atletek Gipuzkoako edo Euskadiko federazioetan eman beharko dute lasterketarako izena. Maratoi erdirako ohiko izen-ematea, berriz, Azpeitiko Euskadi Sport eta Fullgas, Azkoitko Plaza Berri Sport eta Donostiako Robers dendetan ere egin ahal izango da, bihartik aurrera. Aurten "mila atleten mugara iritsiko" direlakoan daude antolatzaileak.

Ari da gerturatzen aurtengo Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Hilaren 24an, 25. edizioa beteko du 2002tik Diego Garciaren oroimenezkoa den lasterketak. Urte berezi honetan, antolatzaileek jakinarazi dute Azkoitia-Azpeitiaren barruan bi txapelketa jokoan izango direla aurten, Gipuzkoakoa eta Euskadikoa. Azken urteetan ohikoa bihurtu da Urolako bi herrien arteko maratoi erdiak distantzia horretako Gipuzkoako txapelketa hartzea, baina aurten Euskadiko txapela ere bertan erabakiko da.

Txapelketetan parte hartzeko, Gipuzkoako atleta federatuek Gipuzkoako Atletismo Federazioan eman beharko dute izena; eta Arabako eta Bizkaiko parte-hartzaileek, berriz, Euskadiko Atletismo Federazioan. Ez batzuek eta ez besteek ez dute beharrezkoa lasterketaren plataforman izena ematea, maratoi erdiaren antolatzaileek zehaztu dutenez.

Gipuzkoako zein Euskadiko txapelketetan parte hartu nahi dutenek, hori bai, gutxieneko marka hauek egiaztatu beharko dituzte:

- Gizonezkoek: maratoian 2:47:00, maratoi erdian 1:20:00, eta 10 klometroetan 00:33:00.

- Emakumezkoek: maratoian 3:22:00, maratoi erdian 1:35:00, eta 10 kilometroetan 00:40:00.

Izen-ematea, dendetan ere bai

Abenduan ireki zuten martxoaren 24ko lasterketan izena emateko aukera Kirolprobak.com webgunean, eta aukera horrek irekita jarraitzen du. 700era bidean doa dagoeneko maratoi erdian izena emandakoen kopurua, eta pozik eta baikor agertu dira antolatzaileak: "Izen-emateak azken urteetan baina hobeto doaz eta aurtengoan mila atleten mugara iritsiko garelakoan gaude". Aurten seigarren urtea beteko duen lasterketa motzean, berriz, momentuz 77 korrikalarik eman dute izena.

Bihartik aurrera, gainera, Interneten ez ezik, Azpeitiko Euskadi Sport eta Fullgas, Azkoitko Plaza Berri Sport eta Donostiako Robers dendetan ere eman ahalko da maratoi erdirako zein lasterketa motzerako izena.