Kontu kontalari

Uztarria.eus 2018ko ots. 28a, 17:41
Ezkerretik eskubira, Onintza Zeberio, Axen Escalada eta Lorea Etxeberria, Udal Liburutegian. (Elena Marguello)

Badira han eta hemen ipuinak kontatzen dituzten herritarrak. Orotariko ikus-entzuleei zuzendutako askotariko istorioak sortzen dituzte. Horietako hiru dira Axen Escalada, Onintza Zeberio eta Lorea Etxeberria. Haiekin osatu zuen erreportaje hau Elena Marguello kazetariak otsaileko Uztarria aldizkarirako.

Axen Escaladak (Donostia,1964), Onintza Zeberiok (Azpeitia, 1974) eta Lorea Etxeberriak (Azpeitia, 1993) lanbide desberdinak badituzte ere, badaukate partekatzen duten afizio bat: ipuinak kontatzea. Azpeitiko hiru bizilagun horiek mota guztietako istorioak helarazten dizkiete adin desberdinetako pertsonei.

Escalada, aurretik ipuin kontalari ikastaro batzuk egina bazen ere, Hiromi Yoshidak Japoniako tradiziozko istorioak euskarara itzuli eta lagun batzuei horiek kontatzea eskatu zielako hasi zen ipuin kontalari lanetan. Bestelakoa da Zeberioren kasua. Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegaraiko liburutegiko ardura hartu ostean, umeei bertako ipuinak kontatzen hasi zen. Etxeberria, berriz, "beti" ibili izan da umeen inguruan "asko gustatzen" zaizkiolako, eta animatzaile lanetan hasi zen Donostian. Hain zuzen ere, umeen urtebetetzeetan magia, globoflexia eta abar egiteari ekin zion. Egun batean, baina, hurrengo egunerako ipuin kontalari bat behar zutela esan zioten, eta txotxongilo batzuk erosi eta istoriotxo bat asmatu zuen.

Afizioa ez datorkie txikitatik, ordea. Etxeberriak aitortu duenez, ez du irakurtzeko ohitura handirik, eta txikitan ez zen "inoiz" joaten ipuin kontalariak entzutera. "Euskarazko liburu gutxi zegoen gure garaian", azaldu du Zeberiok bere aldetik. Karmelo Etxegarai Ikastolan duela hamar urte jarri zuten liburutegia, eta, hasieran, euskarazko liburuak gutxi batzuk baziren ere, urte hauetan "izugarrizko aldea" nabaritu dutela aitortu du liburutegiko arduradunak. "Orain garrantzia gehiago ematen diote irakurtzeari. Besteak beste, liburutegi txokoak jarri dituzte ikastoletan", gehitu du Etxeberriak.

Escaladak kontatzen dituen istorioak rakugoak dira, Japonian orain dela 400 urtetatik ahoz aho jaso dituzten kontakizunak. Gidoia ikasita izaten dute kontalariek "istorioak beti berak" direlako, eta elkarrizketetan oinarritutako istorioak direnez, "batzuetan, inprobisatu beharra" izaten dutela azaldu du. Japonian nola, Escalada eta bere taldekide rakugolariek hala kontatzen dituzte istorioak: eserita eta geldirik. Zeberiok ere ez ditu asmatzen kontakizunak. "Gustatzen zaizkidan liburuak hartzen ditut. Lehenengo, semeei kontatzen dizkiet, eta gustatzen bazaizkie, gainerako haurrei", azaldu du. Etxeberriaren kasua bestelakoa da. Kontatzen dituen istorio gehienak berak asmatutakoak dira, baina plazaratzen ditu norbaitek kontatu dizkion eta berak moldatu dituen ipuinak ere. Batzuetan, gainera, "umeekin momentuan asmatzen ditut ipuinak", gehitu du.

Kontatzearen garrantzia

Publikoaren eta adinaren arabera, gustuak "aldatu" egiten direla diote Etxeberriak eta Zeberiok: "Txikienei begietatik sartzen diren istorioak gustatzen zaizkie, abestidunak edo parte hartzeko aukera ematen dutenak. Gaztetxoei, berriz, emozioak edo intriga erakusten dutenak". Batak zein besteak azaldu dutenez, beti eramaten dute mozorroren bat soinean, umeen arreta "azkarrago" erakartzeko. Etxeberriak dioenez, kontakizunak egiten hasi zenean, lehen saioetan, gidoia "beti prest" izaten zuen badaezpada ere, baina denborak erakutsi dio, haria galtzen baldin badu ere, hobe dela inprobisatzea: "Errazena, prestatuta dudan hori ateratzen zaidan erara kontatzea da".

Ipuin kontalarien lana ez da izaten, ordea, ahozko kontaketa prestatzea soilik. Zeberio ispilu aurrean entseguak egiten aritzen ez bada ere, eszenifikazioa "esajeratu" egiten duela aitortu du. Dena den, istorioa "barneratuta eta menperatuta" duela sentitu behar izaten du jendaurrean aritu baino lehen. Escaladak, berriz, "kontakizuna hobeto barneratzeko" taldekideekin entsegu batzuk egiten dituela aipatu du, baina ez du "aparteko lanik" egiten rakugoak prestatzeko.

Hiru sortzaileen arabera, desberdina da ipuinak norbaitek kontatzea edo norberak irakurtzea. Etxeberriaren ustez, istorioa beste norbaiten ahotik badator "entzulea errazago sartzen da kontakizunean". Escaladaren aburuz, jendearekin harremanetan egonda eta erreakzioak ikusita "badakizu kontatzen ari zarena gustatzen ari den edo ez", eta hori "baliagarria" da kontakizunarekin aurrera nola egin jakiteko. Hala eta guztiz, nahiz eta kontatzen den istorioa beti bera izan, publikoa beti izango da desberdina, eta, beraz, "kontakizuna aldatu" egiten dutela baieztatu du Etxeberriak.

Badute bizipenik

Ipuinek, entretenitzeko ez ezik, balio dute umeen heziketarako ere. Zeberiok dioenez, gaur egun ipuinen bidez "emozioak lantzen" dira; izan ere, "beti mezu bat bidaltzen zaio publikoari". Etxeberriak ere, ipuinetan "askotariko gaiak" lantzen saiatzen dela dio, umeek "nahi gabe xurgatzen" dituztelako. Escaladak, rakugoen bidez, heziketa baino kultura gehiago lantzen du. "Publikoa urrutiko istorio horiek entzutera etortzen da, bitxiak direlako. Tokiora joanda ere ez lukete rakugoen berri izango", gehitu du.

Publikoa esker onekoa izan ohi dela ere aitortu dute Azpeitiko hiru ipuin kontalariek. Etxeberriaren hitzetan, "entzundako istorioa gustatzen bazaie, eskerrak eman gabe eskertzen dakite umeek. Besarkada bat edo muxu bat ematen dizute hitzekin eskertu beharrean". Escaladak jakinarazi duenez, esker hitzekin erantzuten dio publikoak. "Behin, Legorretako Jubilatuen Elkarteak antolatutako ikuskizunaren ondoren, jubilatu guztiak gerturatu zitzaizkigun eta esker hitzak baino ez genituen jaso", oroitu du irribarrez.

Ipuin kontalariek bizipen politak izan badituzte ere, bitxikeria batzuk badituzte gogoan. Zeberiok irribarre txikiarekin kontatu du paperean gehiegi sartu eta ume txikiak negarrez irakaslearengana joatea ere egokitu izan zaiola. Etxeberriak, berriz, saio batean ume bat azpeitiar peto-petoa zela ohartu zela adierazi du. "Mamuen istorio bat kontatzen ari nintzen, eta ume hark mamuari motozerrarekin gorputzeko zatiak moztu behar zizkiola oihukatu zuen. Sekulako barreak egin nituen".