Oier Etxeberriak 'Locuela' diskoa aurkeztuko du ostegunean, Donostian

Uztarria.eus 2018ko ots. 27a, 19:36

David Azurza, Francisco Contreras (Niño de Elche) eta Xabier Erkizia musikariekin elkarlanean osatu du lana. Etxeberria jesuiten inguruan egiten ari den lan baten parte da diskoa. Kaxilda liburu dendan izango da emanaldia, 19:00etan.

Oier Etxeberria artista azpeitiarrak Locuela diskoa aurkeztuko du ostegunean, Donostiako Kaxilda liburu dendan. David Azurza, Francisco Contreras (Niño de Elche) eta Xabier Erkizia musikariekin elkarlanean osatu du lana. 2013ko uztailean, hainbat grabaketa eta ahozko ariketa egin zituzten Tolosako Bonberenean zein herri bereko Karmeldarren komentuko kaperan, Etxeberriak 2012-2013 urteen artean idatzitako ohar eta partitura batzuetatik abiatuta, eta iazko abenduan kaleratu zuten diskoa.

Etxeberria jesuitekin zerikusia duen lan bat garatzen ari da, eta horren parte da Locuela diskoa. "San Inazioren egunerokoan agertzen zen hitz bat da Locuela. Ahots batzuk entzuten zituen hark, baina ez zuen ulertzen ahots horiek esaten ziotena. Horri deitzen zion berak Locuela", azaldu du. Lotura honetan entzun daitezke diskoa osatzen duten hamar abestiak.