Azpeitiko Udaleko langileek bat egin dute ELAk eta LABek biharko deitu duten lanuztearekin

Uztarria.eus 2018ko ots. 27a, 15:17

Bi sindikatu horiek deituta, lau orduko lanuzteak egingo dituzte bihar udaletako eta foru aldundietako langileek "lan baldintzen alde, enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko". 11:00etatik 15:00etara egingo dute lanuztea, eta udaletxearen aurrean kontzentrazioa egingo dute 11:00etan hasita. Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere bat egin dute lanuztearekin, eta horrek hainbat aldaketa eragingo du hondakinen bilketa zerbitzuan.

LAB eta ELA sindikatuek deituta, lau orduko lanuzteak egingo dituzte bihar udaletako eta foru aldundietako langileek, "lan baldintzen alde, enpleguaren defentsan eta zerbitzu publikoak indartzea eskatzeko". Azpeitiko udaleko langileek batzarrean erabaki zuten lanuztearekin bat egitea, eta, beraz, bihar 11:00etatik 15:00etara batuko dira protestara. Gainera, elkarretaratzea egingo dute 11:00etan, udaletxearen aurrean.

Sindikatuek salatu dute azken urteetan "lanpostu ugari" galdu direla udaletan eta aldundietan, eta hutsik geratu diren lanpostuak bete gabe utzi dituztela adierazi dute, "zerbitzu osoak pribatizatuz eta administrazio paralelo bat sortuz". "Gainera, betetzen diren lanpostuak behin-behineko langileez ordezkatzen dira, eta pribatizazioak langileen lan baldintzak okertzen ditu beti". Hain zuzen, ohartarazi dute administrazio publikoko langileen %36 behin-behinekoak direla, eta gogoratu dute %6koa izan behar duela langileen behin-behinekotasunak, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako udaletako langileen lan baldintzak finkatzen dituen Udalhitz hitzarmenean jasota dagoenez.

Sektorean dagoen negoziazio kolektiborako "borondate falta" salatu dute sindikatuek, eta erakundeek "ildo propio bat" eratu behar dutela azpimarratu dute, "herritarroi ematen zaizkigun zerbitzu publikoak bermatzeko eta horiek kalitatez egiteko". Hori hala, Udalhitzeko mahaian ez parte hartzea erabaki dute, "hitzarmena betetzeko pausoak eta bermeak eman arte". Horrez gain, alderdiei dei egin diete beraien jarrera publikoki ager dezaten.

Aldaketak hondakinen bilketan

Azpeitiko Udaleko langileek ez ezik, Urola Erdiko Mankomunitateko langileek ere egingo dituzte bihar lanuzteak. Hori dela eta, hainbat aldaketa izango da hondakinen bilketa zerbitzuan. Batetik, ez da atez ateko bilketarik izango bihar, eta langileek ez dituzte hondakin organikoak jasoko 13:00etan. Beraz, zapatuan egingo dute organikoaren hurrengo ohiko bilketa. Bestalde, industria sektorean jasotzen duten film bilgarria 06:00etan hasiko dira jasotzen, 08:00etan egin beharrean. Hori hala izanik, mankomunitateak dagokien enpresei aholkatu die gaur atera ditzatela hondakin horiek.