Urrezko Aizkolarien binakako finala, emakumeen banakakoa eta harri-jasotzaileena, igandean Izarraitzen

Uztarria.eus 2018ko ots. 27a, 11:20

12:00etan hasiko da hiru finalak jokoan izango dituen jaialdia. Harri-jasotzaileen deman lehiatuko da Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna.

Herri kirolek hitzordu garrantzitsua izango dute igande honetan Izarraitz pilotalekuan. 12:00etan hasita, hiru final izango dira jokoan bertan: Urrezko Aizkolarien gizonezkoen binakakoa, Urrezko Aizkolarien emakumezkoen banakakoa eta harri-jasotzaileen txapelketarena.

Hiru bikote lehiatuko dira Urrezko Aizkolarien binakako txapelaren bila: Aitzol Atutxa Atuxa II.ak eta Julen Alberdi Txikia IV.ak osatutakoa, Iker Vicentek eta Ruben Saralegik osatutakoa, eta Joseba Otaegik eta Ugaitz Mugertza Mugertza II.ak osatutakoa.

Emakumeen banakako lehiak, berriz, lau protagonista izango ditu: Irune Izkue, Maika Ariztegi, Nerea Sorondo eta Irati Astondoa.

Urrezko Aizkorako txapelketekin batera egiten ari diren harri-jasotze txapelketak ere igandean izango du finala, eta hiru harri-jasotzaile ariko dira txapelaren bila: Aimar Galarraga, Imanol Illarramendi Kortaberri eta Xabier Aranburu Guzta Urrestillako bizilaguna. 175 kiloko errektangularrarekin eta 150eko kubikoarekin egingo dituzte finaleko lanak harri-jasotzaileek.