Aurora Garcia: "Kontzertu oso berezitzat dugu Azpeitian jo genuena, eta hara itzultzeko gogo handiarekin gaude"

Uztarria.eus 2018ko ots. 23a, 11:45
Aurora & The Betrayers taldeko kideak.
Aurora & The Betrayers talde madrildarra hirugarren diskoa aurkezten izango da bihar Azpeitian, eta, aurretik, Sky Beats donostiarrak izango dira Sanagustin kulturguneko oholtzan. 23:00etan hasiko dira kontzertuak.

Aurora & The Betrayers talde madrildarrak labetik atera berri duen Tune Out The Noise hirugarren diskoa aurkeztuko du bihar, zapatua, Azpeitiko Sanagustin kulturgunean. Hango oholtza zapaltzen duen bigarren aldia izango du taldeak, eta duela lau urte egin zuten bezala, ikusleak txundituta uzteko asmotan joango dira Azpeitira. 2014ko talde hasiberri hartatik gutxi du egun Aurora & The Betrayersek. Izan ere, taldeak "asko eboluzionatu" du azken urteetan, eta musika beltza alboratu ez badu ere, rock eta psikodelia doinuetara egin du salto. Taldeak izan duen aldaketa Azpeitian plazaratzeko "irrikan" daudela adierazi du Aurora Garcia abeslariak.

Taldeak hainbat aldaketa izan du sortu zenetik. Aldaketa horien guztien emaitza al da Tune Out The Noise diskoa?

Azken diskoa taldearen finkatzea dela esango nuke. Lau urtetan aldaketa asko izan ditugu, eta urte horietan guztietan denbora nahikoa izan dugu elkar ezagutzeko. Orain arteko diskorik helduena eta esperimentalena da disko hau. Taldekide guztion erroak agerian geratu dira. Bigarren diskoan dagoeneko hasi zen taldearen bilakaera antzemanten, eta pop doinuak eta soinu modernoagoak landu genituen. Azken disko honek nortasun bereziagoa du. Zaila da zehaztea, eta horixe da diskoaren gauzarik interesgarriena.

Musika beltza egiten duzue. Azken diskoan, estilo hori sendotu al duzue?

Taldea etengabe ari da eboluzionatzen, eta gure buruari mugarik ez jartzea izan da hasieratik izan dugun premisa. Baina egia da inoiz baino finkatuagoak gaudela. Gure abestietan popa, soula eta rocka dago, baina zaila da gure estiloa definitzea. Dena den, horrenbeste aldaketen ondoren, uste dut une hauetan ari garela benetan abiarazten.

Zer motatako eboluzioa izan du taldeak?

Taldea alderdi askotan aldatu da. Lehen, esaterako, taldekide gehiago genituen; koristak zein metal jotzaileak genituen, eta orain beste mota bateko soinua lantzen dugu: esate baterako, teklatuak ditugu eta esperimentalagoak eta psikodelikoagoak gara. Lehen soul taldetzat hartzen gintuzten, baina orain esan dezakegu rock talde bat garela. Taldeak, egun denetik dauka, eta uste dut interesgarriagoak, indartsuagoak eta bereziagoak garela.

Joan zen asteburuan hasi zenuten bira. Non arituko zarete diskoa aurkezten?

Leku pila baten egongo gara, eta, orain arte zehaztutakoez gain, kontzertu berriak lotzen ari gara. Espainian, Frantzian eta Portugalen emango ditugu kontzertuak, eta Europan zehar ere ari zaizkigu hitzorduak ateratzen. Bi urteko bira egitea daukagu aurreikusita.

Azpeitian, lehenengoz, 2014an izan zineten kontzertua eskaintzen. Zer oroitzapen dituzu lehenengo saio hartaz?

Askotan hitz egiten dugu kontzertu hartaz, oso berezia izan zelako. Aurretik, bi kontzertu izan genituen Gasteizen eta Bilbon, eta taldearen lehenengo urtea zenez, aretoetan dezente borrokatzen ari ginen. Nahikoa bira penagarria izan zen. Euskal Herriko azkenengo kontzertua Azpeitikoa zen. Oso kontzertu txarra izango zela aurreikusten genuen, eta saioa bertan behera uztea ere pentsatu genuen, jenderik ez zela joango uste genuelako. Azkenean, joan egin ginen, eta kontzertua hasi baino lehen ia inor ez zegoen aretoan. Baina taulara atera ginenean, bat-batean, pertsona ugari zeudela ikusi genuen. Seguru asko, orain arteko publikorik onena izan genuen orduan. Kontzertu oso berezitzat dugu Azpeitian jo genuena, eta hara itzultzeko gogo handiarekin gaude.

Azpeitira joan zirenetako askok orduan ezagutu zintuzteten, eta kritika onak izan zituen zuen emanaldiak. Oraingoan, zer espero beharko du publikoak zuengandik?

Lau urtetan Euskal Herrian izan ditugun bizipenak kontuan hartuta, esan dezakegu asko gustatzen zaigula hango publikoa. Oro har, musikazaleak dira, eta hori gogoko dugu. Duela lau urte ikusi gintuztenak jabetuko dira taldea izugarri aldatu dela; taldeak kasik ez du zerikusirik lehengoarekin, asko eboluzionatu baitu. Baina garapen hori onerako izan da, eta, beraz, espero dugu publikoaren erantzuna ona edo hobea izango dela.