Etxekoen epela abaro

Uztarria.eus 2018ko ots. 22a, 19:48
Miren Larrea, lurralde garapenean ikertzailea. (Ainitze Agirrezabala)

Lurralde garapenean ikertzailea da Miren Larrea (Azpeitia, 1974) , eta haren egunerokoak "errusiar mendia" dirudien arren, lanetik kanpo "lasaitasunaren zale sutsua" da. Uztarriaren otsaileko aldizkarian, 202. zenbakian, Ainitze Agirrezabala kazetariakLarrearen inguruko erreportajea egin du, Bestaldetik atalean. 

Osasun arduradunen aurreikuspenak beteta, San Sebastian bueltan jo zuen goia gripearen birusak, eta urteroko epidemia horri izkin egitea lortu gabe harrapatu du gaitzak Miren Larrea (Azpeitia, 1970) ere. Uztarriarekin elkarrizketarako hitzordua jartzerakoan, etxean zegoen erretiratuta, baina ohearen epela utzi eta patxadaz aritu da solasean gaur egun Orkestra Lehiakortasunerako Euskal Institutuko lurralde garapenaren arloan ikertzaile dena.

Paulo VI.a auzoan bizi izan zen Larrea gurasoekin eta anaia-arrebekin, eta hiru senideetan zaharrenak haurtzaroko oroitzapen "onak" dituela adierazi du. "Umetasunetik atera ninduen inolako ezbeharrik ez nuen izan; zailtasun berezirik gabe bizi izan nuen garai hura. Amak beti esan izan du eraman erraza naizela, iragazkirik gabe, guztia kontatzen nuelako". Eta gaur egun ere, halakoxea izaten jarraitzen duela dio. "Ingurukoek askotan esaten didate musean jokatzeko ez dudala balio, aurpegian dena irakurtzen zaidala eta".

Egunerokoan, "izaera lasaiko" emakumea eta "lasaitasunaren zalea" da Larrea, baina lanak hala eskatuta, batera eta bestera "asko bidaiatzea" eta jendearekin "etengabe" harremanetan egotea ditu betebeharrak. Horregatik, lanetik kanpora, "bakarrik eta isilik" bere baitan egoteko “denbora” hartzea beharrezkoak du: “Askotan, bizitza pribatua lanaren ispilua da; baina kontrako eran, pixka bat orekatzeko". Kirolaria inoiz ez dela izan dio: "Ikastolan soinketa eman genuenetik korrika ez dut egin, unibertsitate garaian goizeko autobusa harrapatzeko metro batzuk ez bada!". Baina "bertigo arazoak” tarteko, Nordic Walking ikastaroa egin zuen, eta “kirolari sutsua” den Norvegiako lagun batek animatuta mendi bueltatxoak egiten hasi zen: "Hasieran, uste nuen bertsoak aterako zizkidatela makilak hartuta ikusten nindutenean, baina denborarekin asko zabaldu den modalitatea da". Astean hiruzpalau aldiz, Urretatik joan-etorria egiten duela dio, eta buelta egin izanaren lekuko, Urreta baserria baino beheraxeago selfia ateratzen du, ondoren Norvegiako lagunari bidaltzeko. "Telefono mugikorra Urretako argazkiz beteta dut, baina buelta maitea dut. Ordubete inguruko ibilaldi horrek eguneko zurrunbiloa antolatzeko balio dit, eta, bueltan, e-posta asko bidaltzen ditut. Lanean esaten diet Urretako joan-etorria lan orduetan sartu beharko nukeela, handik bueltan deskonektatzen baitut zinez".

Joan den uztailean, berriz, Larrearen senarrak Pirinioak zeharkatu zituen, Cap de Creusetik (Herrialde Katalanak) Hondarribiraino, eta azken astean, Larrea batu zitzaion abenturara: "Nafarroatik Hondarribira joan nin-tzen; egunean, batez beste, bost-sei ordu eta 20-30 kilometro egin genituen oinez. Niretzat proba bat izan zen, uste bainuen egunen batean autobusa hartu beharrean izango nintzela, baina sasoi onean burutu nuen ibilaldia".

Argentinara eta Norvegiara, sarri

Gogoan dituen beste oroitzapenak Itsasin ibili zen garaikoak dira: "Neska kozkorretan hasi eta 23 urtera arte aritu nintzen, belaunetako arazoak izan arte. Lagunarte polita osatu nuen, eta dantza taldearekin Ingalaterrara, Belgikara, Holandara, Hungariara, Poloniara... bidaiatzeko aukera izan genuen". Urte batzuetara, guraso izatea erabaki zutenean, "ametsetako bidaia" egitea pentsatu zuten. "Seme-alabak izaterako, bizitzan gehiago inoiz joango ez ginen norabait joatea erabaki genuen. Nik baleak ikusteko ilusioa nuen, eta Norvegiara joan ginen. Eta zer den bizitza, geroztik handik irten ere egin gabe nabil!". Izan ere, lanagatik Norvegiako edo Argentinako unibertsitateetara eskolak ematera joatea sarri tokatzen zaio, "urtean bizpahiru aldiz bai", baina jarduera profesionala familiarekin uztartzeko “ahalegina” egiten duela adierazi du; are gehiago ama izan zenetik. "17, 15 eta 12 urteko alabak ditut, eta txikiak zirela asko mugatu nituen bidaiak. Gainera, jabetu nintzen, esaterako, Argentinaraino joan eta aireportua, unibertsitatea eta hotela baino ez nituela ezagutzen, eta lanean proposatu nuen aurrerantzean bidaia haiek asteburura-edo luzatu eta hango bazterrak ezagutzeko aprobetxatzea. Norvegiara familia osoa joan ginen, baina Argentinara oraindik ez gara inoiz etxeko bostok joan".

Kirolaria ez, baina parrandazalea ere inoiz ez dela izan dio: "Logura sartzen zait eta aurreneko txandan erretiratzen naiz". Baina lagunartean egotea “asko gustatzen” zaiola gaineratu du, eta "hutsik egin gabe" janzten dira Elegante Egunean eta Astelehen Karnabalean. "Aurten, ordea, karnabalak galduko ditut, lan kontuak tarteko Norvegiara noa eta".

Irakurle porrokatua ere bada Larrea, eta hark dio "ohe-mahaian beti libururen bat" duen horietakoa dela: "Asko gustatzen zait iluntzero ordu erdi batez irakurtzea, baina liburuak harrapatuta banauka, ordu eta erdi igoal luzatzen zait; eta hurrengo goizean, zera, lanak izaten ditut esnatzeko. Zerbait arina leitzea gustatzen zait, gehiegi pentsaraziko ez didan zerbait. Jendearen egunerokoa kontatzen duten nobelak gustatzen zaizkit asko, denbora tarte horretan beste norbaiten munduan sartzeko. Argentinan badut lagun bat izugarri irakurtzen duena eta hari eskatzen diot zer leitu aholkatzeko. Bolada luze batean, berriz, autore nordikoak irakurtzeko joera izan nuen. Une honetan, Dolores Redondoren Trilogia de Baztan ari naiz irakurtzen".

Larreak bizitzan, familia du gauza guztien gainetik "balore preziatuena". Ikertzaile azpeitiarraren esanetan, lanean "ahalegin handia" egin zuten nazioarteko taldea sortzeko, eta Australiako, Mexikoko, Argentinako eta Ingalaterrako lankideak ditu. "Duela gutxi, lankide bat bere jaioterrian, Mexikon, izan da adineko gurasoak bisitatzera joanda, eta aitak hala esan omen zion agurtzerakoan: 'Elkar berriro oso azkar ikusiko dugula espero dut'. Hitz horietan aitaren bizitzeko presa somatu zuen lankideak. Halakoetan jabetzen zara zer zorte dugun familiarengandik gertu bizita. Gure gurasoek, esaterako, zapaturo senide guztiak biltzeko ohitura jarri zuten e-txean, eta familian otordu bat egin eta tertulian egote horrek ez du preziorik. Halako gauza sinpleei gero eta balio handiagoa ematen diet".