Ibaiak hazita badatoz ere, ez dago uholde arriskurik oraingoz

Uztarria.eus 2018ko ots. 20a, 13:12

Azken egunotan euriak ez du etenik izan, eta ibaiak gero eta handiago datoz. Dena dela, Azpeitiko Udalak ez du abian jarri uholdeen aurkako protokoloa, oraingoz Urola ibaiak gainezka egiteko arriskurik ez dagoela iritzita. Hala ere, ibaiak gehien hazten diren lekuak arretaz zaintzen ari da Udala, Madalenako Ospitale Zaharraren ingurua kasu. 

Euskalmet Euskal Metereologia Agentziaren iragarpenaren arabera, arratsaldetik aurrera aterruneak espero dira, baina momentuz euria egiten jarraituko du, noizbehinka bada ere. Egoeraren aurrean, Azpeitiko Udalak gertutik jarraituko du ibaien egoera, eta beharko balitz neurri gehiago hartuko dituela jakinarazi du. 

Ibai Eder urtegiaren betetze maila %95,36 da Gipuzkoako Uraken arabera.