Aratz Igartzabal, IX. Erniarraitz txapelketako lehen finalista

Uztarria.eus 2018ko ots. 19a, 10:48

Erniarraitz bertsozale elkarteak bederatzigarren aldiz antolatutako Erniarraitz txapelketa hasi zen atzo, Azkoitiko kultur etxean egin zuten lehen kanporaketarekin. Dozenaka lagun elkartu ziren lehenengo saioan, eta honako bertsolariak izan ziren oholtza gainean: Oier Etxeberria, Aratz Igartzabal, Maialen Akizu, Aitor Servier, Joanes Illarregi eta Txaber Altube. Horietatik, Igartzabalek lortu zuen puntuaziorik altuena (236,5), eta, beraz, gabiriarra zuzenean sailkatu zen martxoaren 16an Azpeitiko Gaztetxean egingo duten finalera.

Guztira, 18 bertsolari ari dira parte hartzen txapelketan, eta Azkoitikoaz gain, beste bi kanporaketa egingo dituzte datozen asteetan: bata otsailaren 25ean izango da, Errezilgo Borondegin; eta, bestea, martxoaren 4an egingo dute, Zestoako kultur aretoan. Hiru kanporaketetan puntu gehienak lortzen dituzten sei bertsolari sailkatuko dira finalera.

Atzoko kanporaketan, honela geratu zen sailkapena: Aratz Igartzabal (236,5 puntu); Joanes Illarregi (235); Txaber Altube (222,5); Maialen Akizu (222,5); Oier Etxeberria (221); eta Aitor Servier (207,5).