Karnabalak 2018

Karnabaletarako prestatzen hasi dira herritarrak

Uztarria.eus 2018ko ots. 10a, 18:19

Karnabaletetarako motorrak berotzen hasi dira dagoeneko Azpeitian. Gaur, zapatua, batez ere umeei zuzendutako ekintzak ari dira egiten herrian, eta eguraldiak askorik laguntzen ez badu ere, dozenaka lagun animatu dira Udalak antolatutako txu-txu trenean ibiltzera eta jolas parkean arratsaldea igarotzera.

Euriaren ondorioz, Izarraitz pilotalekuan prestatu dute parkea, eta puzgarrietan eta beste zeinbait jolasetan gozatzeko aukera izan dute umeek. Horrez gain, txu-txu trena herrian zehar dabil itzuliak egiten. Goizean, adibidez, San Martin Egoitzako egoiliarrek egin dute bidaietako bat, eta herriko txokoak ikusteko parada izan dute, udaleko turismo teknikariak herriko historiako datuak eta istorioak azaltzen zizkieten bitartean. Arratsaldean, 19:30ak arte ibiliko da trena kaleetan zehar, udaletxeko arkupetatik hasita.

Bihar, berriz, egun handia izango dute azpeitiarrek. Elegante eguna ospatuko dute herrian, eta jantzi dotoreak soinean dituztela, egun osoko festa izango da. Ikusi hemen biharko egitaraua:

09:00. Diana, Izarraitz txistulari taldearekin.
11:00. Lehengo eta gaurko sokamutilei eta ganaduzaleei omenaldia, Plaza Txikian. Azpeitiko Sokamuturrak 500 urteurreneko Herri Batzordeak antolatu-ta.
11:30. Diana, Udal Musika Bandarekin, Eltziegoko gaiteroekin eta Incansables txarangarekin.
12:00. Sokamuturra. XXXIX. Sokamuturra Imanol Elias Saria Argazki Lehiaketaren hasiera.
12:30. Eleganteen kalejira eta Itsasi taldeko artzain-inudeak eta danborjoleak. Sansebastianeko karroza aterako da. Horiekin batera, Eltziegoko gaiteroak, Juan Antxieta musika eskolako txistulariak eta Incansables txaranga.
13:30. Euskal preso, iheslari eta deportatuen aldeko argazki erraldoia, Azpeitiko Kalerak deituta, herriko plazan.
15:00. Luntxa, Erdikalean. Haujijijaik antolatuta.
16:00. Puru piztea, Erdikalean. Haujijijaik antolatuta.
16:15. Izarraitz txistulari taldeak eta Udal Musika Bandak zezenaren irteera girotuko dute. Ondoren, Izarraitz txistulari taldeak zezenak egingo duen ibilbide bera egingo du, kalerik kale txistua joz.
16:30. Sokamuturra.
19:00- 23:00. Elektrotxarangaren emanaldia herriko kaleetan eta herriko plazan.
19:30- 23:30. Gau-Erdi txaranga kaleetan.