Karnabalak 2018

80 urteko zuzendari dantzaria

Urola Kostako Hitza 2018ko ots. 7a, 13:03
Joxe Mari Zelaia, Garazi zuzendari txikiaren batera, 2015eko Azpeitiko Jai Karnabaleko kalejiran, Erdikalean. (Mailo Oiarzabal)

45 urterekin irten zen lehen aldiz artzain-inudeen danbor-jotzaileak zuzentzen Joxe Mari Zelaia. 2014an itzuli zen postu horretara eta igandean ere ibiliko da kalez kale.

Dantzaria da Joxe Mari Zelaia Xelaia (Azpeitia, 1937), goitik behera. Gaztetan, soldaduskara joan aurreko urteetan, kuadrillako lagunekin batera dantza taldea osatu zuen, Oargi izenarekin aurrena, eta Loiolarekin gero. "1956an egin genuen lehen emanaldia, Loiolan", gogoratzen du. Dantza sueltoa eta euskal dantzak, oro har, ederki asko menderatu zituen gazte denboran. Madalenako Pedrotxorekin edota Donostiatik Azpeitiko dantzari gazteak trebatzera etortzen ziren irakasleekin ikasitakoa da Zelaia. Baina senez da dantzaria. Senak, berezkoak, irauteko joera izaten du, eta Zelaia da horren adibide. 80 urterekin, igande honetan ere Itsasi dantza taldekoen artzain-inudeen konpartsako danbor-jotzaileak zuzentzen ibiliko da kalez kale. Zuzentzen eta dantzan, dantzan eta zuzentzen, festaren ikur bihurtu den estiloarekin.

1983an irten ziren lehen aldiz danbor-jotzaileak artzain-inudeen Jai Karnabal eguerdiko kalejiran, eta Zelaia izan zen talde haren zuzendaria. Mikel Larrañaga Enbortxo lagunak eta dantzari kide ohiak eskatuta hasi zen ateratzen Zelaia danbor-jotzaileekin. Gure Ametsa soziedadeko "lau-bost bat lagun" animatu ziren lehen urte hartan danbor-jotzaileen taldean irtetera; hasieran, Zelaiak ez zuen espero zuzendari postua berea izango zenik; izan ere, sansebastianetako danborradan "urtero" irteten bada ere, inoiz ez da zuzendari lanetan aritu. Baina Larrañagak espreski eskatuta, artzain-inudeetako taldea zuzentzen hasi zen, 45 urterekin. Lehen aldi hartan lauzpabost urtez atera zen Jai Karnabal eguerdiko kalejiran. "Baina emaztea beti bakarrik uzten nuen karnabaletan; irteten nuen, gero igual bazkaltzera joaten ginen norabaitera... eta laga egin nion".

Danbor-jotzaileen taldeak berak ere ez zituen urte asko egin lehen aldi hartan. 2006an berreskuratu zuten Itsasik eta udaleko Festa Batzordeak, eta harrezkero bai, urtero irten izan dira danbor-jotzaileak artzain-inudeekin.

Zelaiak, ordea, 2014a arte ez zuen ‘berreskuratu’ zuzendari postua. 76 urterekin, lehen aldiz irten zuenetik 31 urtera, bat eta bi baino gehiago aho zabalik utzi zituen egun hartan, danborrada zuzentzearekin bat egiten zituen dantzak eta jauziak ikusita.

Konpasa galdu gabe

Jotzen dituzten piezak "denak ezagunak" ditu, "eta danbor-jotzaileek, zer esanik ez, lehenagotik dabiltza eta". Hori dela eta, artzain-inudeen konpartsako bere eginkizuna "zaila ez" dela dio Zelaiak. Kalejiran hiru pieza jotzen dituzte: "Lehenengoa, abiatzen garenean, Hau dek hau. Gero, Erdikaletik gora, Gau Ibillera; niri hori gustatzen zait gehiena. Horrekin ailegatzen gara, uste dut, Artzubia gaineraino. Eta gero, artzain-inudeen konpartsako pieza joaz joaten gara San Martin egoitza pareraino. Handik bueltako bidean, berriz ere Gau Ibillera plazaraino". Eta bide osoan, "atsedena hartzeko" behar dituen tartetxoak kenduta, irribarrea ezpainetan eta hankak arin baino arinago astinduz dantza batean ibiltzen da danbor-jotzaileen zuzendaria. Artzain-inudeen plazako emanaldiaren garaian bakarrik egiten du etena, "eta desiatzen egoten naiz handik irteteko, berriz dantzan hasteko!", dio, barrezka.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.