Fernando Alberdi izozkigilea Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena lehiaketako finalera sailkatu da

Uztarria.eus 2018ko ots. 6a, 17:59
Fernando Alberdi (ezkerrean), Ourensen jokatutako kanporaketan. (F. A.)

Ourensen jokatutako kanporaketan puntuazio altuena lortu zuen azpeitiarrak, Sacher tarta zaporeko izozki bat eta mangoa ezpeletako piperrautsarekin nahastutako beste bat eginda. Otsailaren 22an jokatuko du finala, Madrilen.

Fernando Alberdi (Azpeitia, 1976) Cattabriga eta Anhcea Zapore Nazional Onena izozki lehiaketako finalera sailkatu da. Anhcea Espainiako izozkigileen erakundeak eta Italiako IceTeam 1927 makineria markak antolatzen dute txapelketa, bi urtez behin. Egun, Aizarnazabalen bizi da Alberdi, baina Getarian lan egiten du: han du Dona Doni izozki denda.

Joan den urtarrilaren 30ean jokatu zen txapelketako lehen kanporaketa, Ourensen (Galizia), eta zortzi lehiakidek parte hartu zuten bertan; tartean zen Alberdi. Sacher tarta zaporeko izozki bat eta nahi zuen zaporeko beste bat egin behar izan zituen kanporaketa hartan, eta lehen postua eskuratu zuen lehian. Zapore libreko izozkiaren kasuan, mangoa ezpeletako piperrautsarekin nahastea izan zen Alberdiren hautua.

Ourensekoaz gain, beste bi kanporaketa jokatuko dituzte txapelketan, eta kanporaketa bakoitzetik hiru onenak sailkatuko dira finalera. Beraz, bederatzi lehiakide izango dira otsailaren 22an Madrilen jokatuko den finalena. Han ere Sacher tarta zaporeko izozkia eta zapore libreko beste bat egin beharko dituzte finalistek, eta bien artean puntu gehien lortzen dituen izozkigilea izango da aurtengo irabazlea. Txapeldunak Sacher tarta zaporeko Zapore Nazional Onena dela ziurtatzen duen agiria jasoko du bi urterako, eta datorren urtean jokatuko den Espainiako Txapelketara sailkatuko da zuzenean.