Martxan da bere osotasunean Azoka Plaza, Euskal Herriko produktuen bilgunea

Uztarria.eus 2018ko ots. 3a, 18:20

Azpeitiko plazak itxura ezberdina du duela denbora batetik, Azoka Plaza berrituari esker. Joan den  uztailaz geroztik ari dira inguruko baserritarrak beren produktuak eraikin horretan saltzen, baina gaur jarri dute martxan proiektua bere osotasunean. Gaur zabaldu ditu ateak Elikaguneak, eta gaur egin dute eraikinaren inaugurazio ekitaldia.

12:00etan hasi da ekitaldia, eta 300 lagunetik gora bildu da bertan. Hasteko, Eneko Arbeo eta Mireia Ibabe trikitilariek alaitu dute giroa musikaz, eta, jarraian, Eneko Etxeberria alkateak hartu du hitza. Gaurkoa "egun garrantzitsua" dela nabarmendu du, eta eskerrak eman dizkie Azoka Plazaren proiektua posible egin duten guztiei. "Eraikin hau zoragarria da, baina guretzat hasieratik eraikina bera baino askoz ere garrantzitsuagoa izan da bere edukia. Eraikin hau berritzen hasi ginenean, bueltak ematen hasi ginen, Azoka Plaza honen barruan zer jarriko genuen, eta ikus dezakezue gaur gure herria gainditzen duen proiektu bat dela. Ekonomia bultzateaz gain, baserria aldarrikatzen da proiektu honen bidez, eta gure burua aldarrikatzea da hori", azaldu du.

Etxeberriak adierazi du Azpeitian "aldaketetan sinesten" dela. "Guk hartu genuen konpromisoa gure herriaren plaza aldatzeko, eta erabat berritu dugu. Parte bat falta da berritzeko, aparkaleku publiko bat egingo baitugu, eta, horrekin, ingurua guztiz berrituta geratuko da. Aldaketa estetikoaz gain, soziala ere izan da; izan ere, nabari daiteke plazak bizia hartu duela, honek ez du zerikusirik orain dela bost urtekoarekin. Denok dakigu plazak herrietako sinboloak direla, eta garrantzitsua da plazak horrelako bizia izatea". Gainera, azpimarratu du herritarren eskutik egin dutela aldaketa hori guztia.

Iñaki Labakak ere hitz egin du, Gipuzkoako Foru Aldundiaren izenean. Hark nabarmendu du Azoka Plaza "topagune urbano dotorea" dela. Haren arabera, bi alderdi behar ditu horrelako gune batek: erosleak eta saltzaileak. Eta, kasu honetan, esan du saltzera datozenek izango dutela indarra.

Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordeak hartu du hitza segidan. Hark adierazi du "gune bat berritzea baino askoz gehiago" dela Azoka Plazaren proiektua, "Urola Erdiko landa eremuko biztanleekin eta haientzat egindako egitasmoa delako".

Elikagunea, zabalik

Berrikuntza nabarmen bat ere badu Azoka Plazaren eraikinak: Elikagunea. Denetarik dago bertan, edozein dendatan aurki daitezkeen produktuak daude, baina ezberdintasun nagusia da Euskal Herrian ekoitzitako produktuak direla guztiak. BasqueLabel harategia ere zabaldu dute, eta Xabier Izagirrek prestatutako jakiak erosi ahal izango dira bertan. Aurrerantzean, astelehenetik larunbat eguerdira bitartean zabalduko dute Elikagunea.

Aldaketak aldaketa, baserritarren azokak lehen bezala mantenduko dira. Azoka Plazan izango dira baserritarrak astearteetan, ostegunetan, ostiraletan eta larunbatetan beren lehengaiak saltzen.

Izagirrek berak eta Zigor Iturrieta sukaldariak elikagaiak nola prestatzen diren azaldu diete Azoka Plazara hurbildu diren herritarrei. Ondoren, Ekain Txouren emanaldia izan da, eta, amaitzeko, luntxa izan da bertaratutako guztientzat.

(Argazkiak: Azpeitiko Udala)