Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko espetxe zigorra eskatu du duela 20 urte Azpeitiko emakume bat bortxatu zuen gizonarentzat

Uztarria.eus 2018ko urt. 29a, 17:17

1998an, emakume gazte bat bortxatu zuen erasotzaileak Azpeitiko industriagune batean. Auzia ez dago preskribatuta, ihes eginda dagoelako. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak datorren martxorako jarri du ahozko auzi saioa, poliziak duela gutxi ustez erasotzailearena den etxe baten arrastoa atera dutelako Frantzian.

Gipuzkoako Fiskaltzak 11 urteko kartzela zigorra eskatu du 1998an Azpeitian emakume gazte bat bortxatu zuen gizonarentzat. Duela ia 20 urte gauzatu zuen bortxaketa gizonak, baina gertaera ez da preskribatu urteetan ihes eginda dagoelako. Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak datorren martxorako ezarri du ahozko auzi saioa; izan ere, poliziak duela gutxi ustez erasotzailearena den etxe baten arrastoa atera du Frantzian.

EFE berri agentziak, Espainiako Fiskaltzaren iturriak aipatuta, jakinarazi du 1998ko azaroan bortxatu zuela gazte bat Azpeitian. Erasotzaileak autoestop egiten ari zen emakumea hartu zuen autoan, industrialde batera eraman zuen eta han egin zion erasoa. Ondoren, Azkoitira eraman zuen biktima eta esan zion bera ez salatzeko. Gazte hura bortxatu eta hiru egunera, Bergaran beste saiakera bat egin zuen erasotzaileak. Erasotu zuen emakume hark 60 egun behar izan zituen lesioetatik errekuperatzeko, Fiskaltzaren arabera.

Fiskaltzak uste du Azpeitiko gertakaria sexu erasoa izan zela eta Bergarakoa saiakera. Horregatik eta biktimei lesioak eragiteagatik, 11 urteko espetxe zigorra eta sei asteburutako etxeko atxiloaldia eskatu du Fiskaltzak auzipetutako gizonarentzat. Horrez gain, Azpeitian bortxatu zuen gazteari 15.000 euroko kalte ordaina eta Bergaran erasotu zuenari 6.800 eurokoa ordaintzea eskatu du Fiskaltzak.