Mikel Linazisoro, Adrian Donnay eta June Lahidalga nagusi, X. Boulder Txapelketa Herrikoian

Uztarria.eus 2018ko urt. 28a, 12:08

Azken hamar urteotan hutsik egin ez duen zita izan zen atzo Gaztetxean: Euskal Presoak Euskal Harrietara boulder txapelketa. Gaztetxeak eta Sokaitz eskalada taldeak antolatutako lehian, dozenaka lagunek parte hartu zuten eta beste dozenaka lagun izan ziren txapelketa ikusten.

Zailtasunaren araberako hiru maila ezarri zituzten antolatzaileek lehiarako, eta goizean, 11:00etan hasita, Herrikoiak A mailakoek jokatu zuten txapelketa. Eguerdirako bukatu zuten lehia, eta June Lahidalga nagusitu zen maila horretan. Bigarren Aimar Usonek egin zuen eta hirugarren Haitz Gisasolak.

Eguerdiko 14:00etan hasi zen Herrikoiak B mailakoen txapelketa, eta Adrian Donnay nagusitu zen maila horretan. Bigarren sailkatu zen Iñigo Agirre, eta Iñaki Velasco hirugarren. Haien ostean Satelite mailakoen (maila gogorrena) txanda izan zen, eta Mikel Linazisoro izan zen garailea. Bigarren, berriz, Mikel Odriozolak egin zuen, eta Eneko Cantero azpeitiarrak hirugarren.

Parte-hartzaile guztiek 10 euro ordaindu zuten atzoko izen-ematea, eta trukean X. Boulder Txapelketa Herrikoiko kamiseta bana eskuratu zuten.