Otsailaren 3an inauguratuko dute Azoka Plaza berritua

Uztarria.eus 2018ko urt. 24a, 09:30
Azoka Plaza erabilgarri dago duela hilabete batzuetatik. (Urkome)

Azoka Plazaren eraikina ez ezik, Elikagunea saltoki iraunkorra ere egun horretan zabalduko dute. Artxara kooperatibak kudeatuko du, eta 150 kilometroren barruan ekoiztutako produktuak salduko dituzte bertan, baita bertan prestatutako jakiak ere. Gainera, uztailetik hona moduan, baserritarrek Azoka Plazan jarriko dituzte azoka egunetan postuak aurrerantzean ere. Otsailaren 3an, 12:00etan egingo dute Azoka Plazaren inaugurazio ekitaldia, eta Udalak herritarrak gonbidatu ditu bertara.

Joan zen uztailaz geroztik, behin behinean, baina zabalik eta martxan da Azoka Plaza berritua. Baserritarrek dagoeneko han egiten dituzte astearteetako eta ostiraletako azokak, baina Azoka Plaza eta han barruan izango den Elikagunea datorren otsailaren 3an, larunbatez, inauguratuko dituzte. Obrak bukatu dituzte jada, eta atzo asteartea Azoka Plazan izan ziren Aitor Bereziartua eta Josu Labaka zinegotziak herritarrei eta baserritarrei ekitaldirako gonbidapena egiten. Izan ere, ekitaldia herritarrentzat irekia izango da, eta 12:00etan hasiko da.

Luze joan dira Azoka Plaza berritzeko lanak; izan ere, Udalak 2014an hasi zituen gune hori berregokitzeko obrak. Azoka Plaza kanpotik berritzeaz gain, barruko edukia ere landu du Udalak, eta proiektu "berritzaile" bat jarriko dute aurki bertan martxan: Elikagunea. "Bertako produktuen aldeko apustu sendoa egin du Udalak, eta 150 kilometroren barruan ekoiztutako produktuak salduko dira bertan", azaldu dute erakundeko ordezkariek. Hala, baserritarrek astearteetan eta ostiraletan jartzen dituzten postuez gain, Elikagunea izeneko saltoki iraunkorra zabalduko dute. Artxara Kooperatiba Txikiak kudeatuko du denda hori, eta bertako produktuez gain, bertan sukaldatutako jakiak ere izango dituzte salgai. "Gure herrian oinarri sendoak dituen baserritarren tradizioa eta berrikuntza soziala batuz osatu dugu azoka", azaldu du Josu Labaka zinegotziak. Bereziartuak, berriz, Azoka Plazaren inaugurazioarekin herriko plazaren "erabateko eraldaketa" bukatuko dela azaldu du: "Herritarrok estazio publiko ederra irabazi dugu".