Sansebastianak 2018

Azpeitiko danborrada, belaunaldien topagune

Gipuzkoako Hitza 2018ko urt. 19a, 13:31
Altunatarrak parrokiaren atarian: Iñigo Altuna Larrañaga, Manuel Altuna eta Iñigo Altuna Prat. (Ane Olaizola)

Askori familiatik datorkie sansebastianetan danborrak edo upelak hartu eta atabalak astintzeko grina. Altuna sendia da horren adibide adierazgarrienetako bat. Gipuzkoako Hitzan erreportajea egin dute haiekin.

Sansebastianak festa bereziak izaten dira Azpeitian; motzak, baina biziak. Herriaren nortasunari lotutako jaiak dira, eta helduen danborrada izan ohi da protagonista nagusia; gaur gauean ospatuko dute, San Sebastian bezperan. Lehenengoz 1956an egin zuten danborrada Azpeitian, eta, ordutik, herriko etxeetan errotuz joan da ohitura hori. Izan ere, askori familiatik datorkie sansebastianetan danborrak edo upelak hartu eta atabalak astintzeko grina. Martxen doinuak danbor hotsekin ezkontzeak sortzen duen emozioaz liluratuta, hainbat belaunaldi elkartzen ditu Azpeitiko helduen danborradak, eta familia ugariren bilgune bihurtu da jada.

Altuna sendia da horren adibide adierazgarrienetako bat. Helduen danborradaren sortzaileetako bat izan zen Manuel Altuna (Azpeitia, 1939), eta, ordutik, ez dio hutsik egin egutegian ondo nabarmendutako hitzorduari. Haren seme-alabek eta bilobek ere jaso dute oinordetzan Altunaren zaletasuna, eta haiek ere urtez urte parte hartzen dute ilbeltzeko ospakizunean. Aurten, altunatarren hiru belaunaldik bat egingo dute danborradan: izan ere, Manuel ez ezik, Gure Ametsa konpainiarekin aterako dira haren seme Iñigo Altuna Larrañaga (Azpeitia, 1971) eta biloba Iñigo Altuna Prat (Azpeitia, 1998). Baina familia osoa da danborradazalea, eta oinordeko guztiek parte hartu izan dute festan.

Danborrada iristeko "desiatzen" egoten dela aitortu du Manuelek: "Urteko egunik ederrena da niretzat". Izan ere, danborradaz harago, sansebastianek "nortasun berezia" dutela adierazi du. Manuelek 52. danborrada izango du aurtengoa, eta haren seme Iñigok ere hainbat urtez hartu du parte. "Gaztetxoa nintzenean, irrikan egoten nintzen ateratzen hasteko. Gero, utzi egin nion parte hartzeari, eta azken urteetan berriro hasi naiz". Haren iloba Iñigo, ordea, lehenengo aldiz aterako da upel jotzaile gisa, eta, beraz, aurtengo festak bereziak izango dira harentzat. "Ederrak izango dira. Oraindik ez nago urduri, baina etorriko da urduritasuna". Erraz nabari zaio gauerako daukan emozioa.

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.