Milioi eta erdi bisita izan ditu Uztarria.eus-ek 2017an, inoiz baino gehiago

Uztarria.eus 2018ko urt. 3a, 18:23

1.504.251 bisita izan ditu Uztarria.eus webguneak 2017an, 4.121 baino gehiago eguneko, inoiz baino gehiago. Lehen aldiz, bisita gehienak telefono mugikorretatik etorri dira, %57,39.

2017an ere markak hautsi ditu bisita kopuruak Uztarria.eus-en. 2012tik hona, Uztarriaren webgunearen bisitak igo egin dira urtez urte eta iazkoa izan da orain arte bisita gehien pilatu dituen urtea: 1.504.251 bisita izan ditu Uztarria.eus webguneak 2017an, 4.121 baino gehiago eguneko, inoiz baino gehiago, eta 2016. urtean baino %10 baino gehiago. Erakutsitako orrialde kopurua ere hazi egin da: 3.526.042 izan dira bistaratutako orrialdeak, guztira, 2017an; eguneko 9.660 baino gehiago, horrenbestez.

Aipatutako datuak StatCounter zerbitzuak ematen ditu. Zerbitzu horrek zenbatzen ditu 2005. urtetik (webgunea 2002. urtetik dago martxan) webgunearen bisitak modu publikoan, eta sarean ikus ditzakezue datu guztiak.

Google Analytics-en datuak

Google Analytics tresna ere erabiltzen du Uztarria.eus-ek bestelako datuak bistaratzeko. Hango bisita kopuruak beti dira apur bat txikiagoak (1.350.579) eta orri kopuruak, handixeagoak (3.555.426 inguru), sesioak kontabilizatzeko logika desberdina erabiltzen baitute zerbitzuok, baina proportzioa eta joera mantentzen dira urtetik urtera.

Erdia baino gehiago, mugikorretatik

Azken urteetako bilakaerari eutsita, gero eta gehiago dira Uztarria.eus-eko edukiak telefono mugikorretatik irakurtzen dituzten erabiltzaileak. Baina 2017an, gainera, lehen aldiz bisiten erdia baino gehiago izan dira eskuko telefonoetatik iritsi diren bisitak: %57,39, iaz baino %10 gehiago. Bisiten %35,08 etorri dira ordenagailuetatik, eta %7,54 tabletetatik.

Sare sozialak

Sare sozialetan egindako argitalpenetatik iritsitako bisitetan beherakadatxoa izan da aurten: 2016an bisiten %24 inguru iritsi ziren sare sozialetatik, eta 2017an %20 ingurura murriztu da kopuru hori. Facebook izan da iaz ere, koskarekin, Uztarria.eus-en bisitetan pisurik gehien izan duena: sare sozialen bidez iritsitako bisiten %81 baino gehiago iritsi da Facebooketik, 2016an baino pixkat gutxiago. Twitterretik iritsitakoen kopuruak, aldiz, gora egin du pixka bat, Facebooken kopuruetatik oso urrun bada ere: %18,75.

Bisiten iraupena

Bi minutu eta erdi pasatxo irauten du, batez beste, bisita bakoitzak. Tarte horretan, 2,63 orrialde ikusten dituzte bisitariek. Kopuru horiek oso antzeko mantendu dira 2016tik 2017ra. Webgunera ordenagailutik sartzen direnek bisita luzeagoak egiten dituzte: 03:17 minutu, batez beste, 2017an. Tableta erabiltzen dutenen bisiten batez besteko iraupena 02:43 minutukoa izan da, eta 02:05ekoa telefono mugikorra erabili dutenena.

 

 

Eskerrik asko 2017an Uztarria.eus bisitatu eta elikatu duzuen guztioi. Datu horiek guztiak pizgarriak dira guretzat, lanean jarrai dezagun. Eta ez ahaztu: zuek ere bazarete Uztarria.eus, eta zuen egitasmoen, lanen edo ideien berri emateko gaude.