Aitor Mimenza eta Maite Etxezarreta nagusi, San Silbestre lasterketan

Uztarria.eus 2017ko abe. 31a, 15:41

Kirola eta festa giroa uztartuz esan diote urteari adio Azpeitiko San Silbestre lasterketako parte-hartzaileek. Lasterketaren aitzakian, gainera, jendetza ibili da kalean. Aitor Mimenza elorriotarra eta Maite Etxezarreta azpeitiarra nagusitu dira gaur, abenduak 31, Azpeitian jokatu den San Silbestre lasterketan. 800 lagunek baino gehiagok parte hartu dute proba nagusian, baina horietatik 762 iritsi dira 6,2 kilometroko ibilbidea eginda helmugara. Gizonetan, Mimenzak 20 minutu eta 26 segundo behar izan ditu proba bukatzeko. Haren atzetik, bigarren izan da Ruben Aranburu azpeitiarra (21:26); eta, hirugarren Agustin Ruiz azkoitiarra (21:27). Emakumeetan Maite Etxezarreta nagusitu da; azpeitiarrak 23 minutu eta 27 segundo behar izan ditu proba bukatzeko. Haren ostean helmugaratu da Jone Zabaleta azkoitiarra (23:52) eta hirugarren egin du Olatz Flores zarauztarrak (24:48).

Lasterketa nagusiaren aurretik, 600 metroko proba inklusiboa ere egin dute dozenaka lagunek. Festa giroan, giro ederrean, egin dute parte-hartzaileek ibilbidea Alde Zaharrean. Xeyek Txolarteren laguntzarekin antolatu du proba inklusiboa bigarren urtez jarraian.

Proba nagusiaren sailkapen osoa honako lotura honetan ikus daiteke.

Hona hemen gaurko bi probetako irudiekin osatutako bilduma: