Hilda aurkitu dute atzo arratsaldetik La Mongien desagertuta zegoen eskiatzaile azpeitiarra

Uztarria.eus 2017ko abe. 31a, 11:03

Gaur goizean aurkitu dute hilda 24 urteko azpeitiarra. EFE berri agentziak jakinarazi duenez, haitz batzuen kontra jo zuen azpeitiarrak, pistatik kanpo eskiatzen ari zela. Gaztearen lagunek atzo arratsaldean galdu zuten haren arrastoa, eta larrialdi zerbitzuei deitu ostean, helikopteroz aritu zen erreskate taldea haren bila. Gaur goizean ekin diete berriz erreskate lanei.

Erreskate taldeek gaur goizean hilda aurkitu dute atzo arratsaldetik Frantziako La Mongien (Pirinioak) desagertuta zegoen 24 urteko eskiatzaile azpeitiarra. Gaztearen lagunek atzo arratsaldean, 15:00ak aldean, galdu zuten haren arrastoa, eta larrialdi zerbitzuei deitu ostean, helikopteroz aritu zen erreskate taldea haren bila. Ilundu zuenean, 20:00ak aldean, baina, utzi egin zioten gaztea bilatzeari, eta gaur goizean ekin diete berriz ere bilaketa lanei.

EFE berri agentziak jakinarazi duenez, haitz batzuen kontra jo zuen azpeitiarrak, pistatik kanpo eskiatzen ari zela. Haitzen kontra hartutako kolpearen ondorioz zerbikalak hautsi zituen, Gendarmeek adierazi dutenez.

Udalak doluminak adierazi dizkie hildakoaren familiakoei eta lagunei.