Eskualdean lan istripuz hil diren beharginak izan dituzte gogoan dozenaka lagunek

Uztarria.eus 2017ko abe. 30a, 20:22

Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean, dozenaka lagunek manifestazioa egin dute gaur iluntzean Azpeitian. Eskualdeko enpresetan izan diren lan istripuak salatzeko egin dute protesta, Azpeitiko Gaztetxeak, LABek, Elkar-ekinek, Ernaik, Ikasle Abertzaleakek, CNTk eta ELAk deituta. Azkoitiko Piztu taldeak ere bat egin du manifestazioarekin.

Aurten bederatzi lagun hil dira lan istripuz eskualdean. Manifestazioaren deitzaileek azaldu dutenez, batzuk lanean ari zirela hil ziren, eta besteak eskualdeko enpresentzat lan egiten zuten beharginak izanik, eskualdetik kanpo hil dira. Haien arabera, "urte beltza" izan da 2017a eskualdeko langileentzat. "Bederatzi lagun hil dira lan istripuz, eta edonor izan daiteke hurrengoa". Manifestazioa deitu duten eragileek "elkartasuna" adierazi diete gertakari latz horiek beren azalean bizi izan dituzten pertsonei. "Heriotzeraino garamatzaten bizi baldintzak salatzeko ordua iritsi da, eta horretarako deitu dugu manifestazioa", esan dute.

Hona hemen, manifestazioko irudi bilduma: