Olentzerok eta Mari Domingik aurten ere ez dute hutsik egin

Uztarria.eus 2017ko abe. 24a, 14:58

Aurten ere ez dute hutsik egin Gabonetako bi pertsonaia kuttunenek. Ohiko bisita beste urteetan baino ordu batzuk lehenago egin badute ere, herritarrek ongietorri ezinhobea egin diete gurdian iritsi diren Olentzerori eta Mari Domingiri. Azken urteetan arratsaldez egin izan dute Olentzeroren eta Mari Domingiren kalejira, eta aurten eguerdira aldatu dute. Ordu aldaketa, baina, ez da aitzakia izan txikienentzat. Ehunka lagun izan dira Alde Zaharrean nahiz plazan bi pertsonaia preziatuei harrera egiten.

12:15ean, San Martin egoitzako egoiliarrek ongietorria egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri. Eta ondoren kalejira egin dute Alde Zaharrean barrena, Itsasiko dantzariek, ttuntturroek, txistulariek, Juan Antxieta musika eskolako soinujoleek eta haurrek eta gurasoek lagunduta. Plazan egin dute ekitaldi nagusia. Itsasiko dantzari txikiek aurreskua egin diete Olentzerori eta Mari Domingiri, eta, ondoren, Xebastian Lizasok bertsoak abestu ditu. Ekitaldia bukatu aurretik hainbat abesti kantatu dituzte plazan bildutako ehunka lagunek, eta, segidan, Olentzerori eta Mari Domingiri gutunak emateko, haiekin argazkiak ateratzeko eta horiek besarkatzeko parada izan dute herriko txikienek.

Artisau azoka ere egin dute hainbat ekoizlek gaur goizean. Hain zuzen ere, pitxiak, txotxongiloak, arropak eta osagarriak erosteko aukera arratsalde bukaerara bitartean izango da sanagustinpean. Dozena erdi artisau inguruk jarri dituzte postuak, eta jende ugari bertaratu da horietara.