Eguzki epeletan ari dira goxatzen santotomasak

Uztarria.eus 2017ko abe. 21a, 17:13

Eguzki borobil-borobila zeruan. Ez da ohikoa hori San Tomas egunean, eta pozez zoratzen ari dira festa ospatzen herrian. Plaza leporaino bete da eguerdi partean, eta, urtero bezala, taloa eta txorizoa jateko aprobetxatu dute batek baino gehiagok eguna.

Izarraitz txistulari taldearen dianarekin hasi dute festa goizean, eta, ondoren, Patxi Azkargortaren Oroimenezko Pilota Txapelketa jokatu dute, Frontoi Txikian. Baserritarren azoka Azoka Plazan egin dute aurten berriro, eta “oso txukun” gelditu dela nabarmendu dute herritar batek baino gehiagok. Baziren urte batzuk txerriak ez zirela ikusten Azpeitiko santomas egunean, eta aurten, berriro jarri dituzte. Ume pila bat egon da haiei begira, adi. Plazan, berriz, inoiz baino jaki postu gehiago jarri dituzte: bederatzi, hain zuzen. Elkar-ekinek lehen aldiz jarri du postua aurtengoan.

Udal Musika Bandaren kalejira ere izan da goiz partean, eta, aurten, lehen aldiz, Bentazaharreko Mutiko Alaiak taldea ibili da kalez kale giroa alaitzen. Bertsolariak ere aritu dira kantuan eguerdi partean. Bestalde, Gaztetxekoen orga ere ibili da kalean.

12:00etan, XXXV. Antzerki Topaketetako sari banaketa egin dute, udaletxean. Aurtengoan, Zestoako Eromen Produkzioak taldearen Hysteria antzezlanak jaso du ikusleen saria, eta pozik hartu dute taldekideek 600 euroko diru saria. Ordu berean, herri kirol jaialdia egin dute, herriko plazan. Mikel Larrañaga eta Eneko Otaño aritu dira aizkoran, eta Karmele Gisasola Zelai, Jon Unanue Goenatxo III.a eta Aimar Irigoien harri-jasotzen.

Horrez gain, Itsasiko ttuntturroen eta Juan Antxieta musika eskolako soinu-jotzaileen kalejira izan da, eta erraldoiak eta buruhandiak ibili dira kalez kale Gaelziga elkarteko gaiteroek lagunduta. Referee DJa ere entzun ahal izan da herriko plazako kioskoan.

Arratsaldean ere jarraituko du festak. 18:00etan, Gazteen Azpeitiko XVII. Dantza Suelto Txapelketa jokatuko dute, Sanagustin kulturgunean. 18:30ean, berriz, Eonian elektrotxaranga ibiliko da kaleetan barrena.