Olentzerori harrera egingo diote herriko ikastetxeetan bihar

Uztarria.eus 2017ko abe. 19a, 14:48
Olentzerok herriko ikastetxeetara egingo du bisita bihar.

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean festa giroan ospatuko dute ikazkinaren etorrera bihar, eta osteguneko Santo Tomas egunaren ospakizuna ere aurreratuko dute, oporrak hartuko dituzten egunean.

Bihar, asteazkena, goizez izango dute ikazkinaren bisita Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain eta Iraurgi Ikastetxean, eta arratsaldez Azpeitiko Ikastola Ikasberrin.

Bihar, abenduak 20, Gabon aurreko azken eskola eguna izango dute herriko ikastetxeetan eta, urtero bezala, festa giroan emango dute egun hori. Batetik, Olentzerori harrera egingo diote eta, bestetik, osteguneko Santo Tomas eguneko festa gogoan txistorra jatea nahi duenari ere ez zaio aukerarik faltako.

Hauek dira Olentzeroren bisitaren harira ikastetxe bakoitzean prestatu dituzten ekitaldiak:

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarai

09:30ean hasiko dituzte ospakizunak. Olentzero Euskal Herria kaleko eraikinera joango da aurrena. Han mokadutxoa egin ondoren, Perdillegikora joango da kafea hartzera, ikasleen eskutitzak jasotzen dituen bitartean. Batean zein bestean, musikarekin, kantuan eta dantzan hartuko dute. Olentzero agurtu ondoren, berriz, gurasoek prestatutako txistor mokaduak dastatzeko aukera izango da.

Azpeitiko Ikastola Ikasberri

Goizean hamaiketakoa txorizoa janez egin ondoren, arratsaldean egingo diote harrera Olentzerori. 15:10ean LH5eko eta LH6ko ikasleek lagunduta menditik etorriko da Olentzero. Gero, 15:20an, ikastola atarian, LH4-koen aurreskuarekin egingo diote ongietorria eta, ondoren, balio anitzeko gelan elkartutako ikasleei bisita egingo die Olentzerok. 16:15ean hasita, berriz, Gabon kantak abestuko dizkiote aretoan eta Olentzerorekin suaren ekitaldia egingo dute. 16:40an ikazkina agurtuko dute, eta 17:15ean, txokolate janarekin bukatuko dute festa. Eta Olentzerorekin argazkiak ateratzeko aukera ere izango dute hala nahi dutenek, aretoan, 17:00etatik 17:30era.

Iraurgi Ikastetxea

Haurreskolako eta Haur Hekuntzako ikasleak bisitatuko ditu Olentzerok. 09:30ean hasita, gelaz gela ibiliko da. Horrez gain, goizean azoka izango dute, barazkiekin eta animaliekin, eta dantza egingo dute haurrek postuaren inguruan. Ondoren, txorizoarekin egingo dute hamaiketakoa. Lehen Hezkuntzako, DBHko eta Batxilergoetako ikasleek ere txorizo-jana izango dute goiz partean. Arratsaldean, parrokiko jaiotza ikustera joango dira HHko ikasleak.