2017an eskualdeko enpresetan izan diren lan istripuak salatzeko, manifestazioa egingo dute gaur arratsaldean

Uztarria.eus 2017ko abe. 19a, 10:24
Manifestazioaren deitzaileak, Corrugados enpresa zenaren aurrean.

Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean egingo dute protesta, 19:00etan plazatik abiatuta. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira manifestazioaren deitzaileak.

Bederatzien sugarra, garraxi bakarra. Elkartasun borrokaz eutsi bizitzari! lelopean, manifestazioa egingo dute gaur, larunbata, 19:00etan, plazatik abiatuta. Eskualdeko enpresetan urte honetan izan diren lan istripuak salatzea da protestaren helburua. Azpeitiko Gaztetxea, LAB, Elkar-ekin, Ernai, Ikasle Abertzaleak, CNT eta ELA dira deitzaileak.

Aurtengo urtean lan istripuz bederatzi lagun hil direla salatu dute manifestazioaren deitzaileek. Haien arabera, bi irizpide izan dituzte kontuan hildakoak zenbatzerakoan. Batetik, eskualdeko enpresetan lanean ari zirela hil direnak zenbatu dituzte, eta, bestetik, eskualdeko enpresentzako lanean ari zirela kanpoan hil direnak.

"Urte beltza izan da aurtengoa eskualdeko langileriarentzat. Bederatzi lagun hil dira lan istripuz, eta edonor izan daiteke hurrengoa. Gure babes eta elkartasuna adierazi nahi diegu gertakari latz hauek beren azalean bizi dituztenei. Heriotzeraino garamatzaten bizi baldintzak salatzeko ordua heldu da, eta horretara gatoz", salatu dute.