Euripean egin dute Sanjuandegiko Azoka Herritik

Uztarria.eus 2017ko abe. 16a, 15:18

Azoka auzora, auzoa azokara lelopean egin dute gaur goizean Sanjuandegiko Azoka Herritik. XJ Auzolanean taldeak eta Azoka Herritik egitasmoan biltzen diren herriko talde eta sektore ekonomikoek antolatu dute, Udalaren laguntzarekin. “Auzolanaren bidez herri justu eta bizi bat lantzea” da egitasmoaren helburua. Eguraldiak ez du batere lagundu; euria goian-behean egin du, eta aterkiak eskuan hartuta bertaratu behar izan dute herritarrek. Espero baino jende gutxiago ibili da azokan, baina, halere, izan dira eguna erosketak egiteko aprobetxatu dutenak. Besteak beste, artisauen lanak, barazkiak, Elkar-ekinen bigarren eskuko produktuak… eskuratu ahal izan dituzte.

Aurtengo berrikuntzetako bat Elikaguneko kideek jarri duten postua izan da. Kooperatiba moduan antolatu eta tokiko produktuak urte osoan zehar eskainiko dituen dendak laster ikusiko du argia, eta proiektu hori azaltzen izan dira sustatzaileak azokan. Argaki Elkarteko kideek, berriz, photocalla jarri dute kioskoan. Horrez gain, Lorea Etxeberriaren eskutik, Ipuin eta txotxingilo zoroak izan dira Txiki-Txoko ludotekan, eta gustura aritu dira umeak haren kontuak entzuten.