Josu Urbietak eta harekin batera Parisen epaitzen ari diren hiru kideek "doluminak" azaldu dizkiote Nerin poliziaren senideei

Uztarria.eus 2017ko abe. 13a, 14:14

Hildakoaren familiari keinu egin diote auzipetuek gaur goizean, apelazio epaiketaren azken saioan. Auzipetuek esan dutenez, "zinez sentitzen" dute Jean-Serge Nerin polizia hil izana. "Errespetuz diogu, jakin ondo baitakigu ez dagoela halako mina baretzeko hitzik. "Zoritxarreko" gertakari hark "kalte politikoa eta humanoa" eragin zituela ere esan dute. 

Joan den azaroaren 20an hasi zen Josu Urbieta Pow azpeitiarraren eta beste hiru lagunen aurkako apelazio epaiketa Parisen, eta gaur egin dute azken auzi saioa. Jean-Serge Nerin polizia hiltzea eta gertakari hartan parte hartzea leporatzen diete auzipetuei, eta gaurko auzi saioan hildako polizia haren senideei "doluminak" eman dizkie Xabier Goienetxea auzipetuak lau epaituen izenean. Hark adierazi duenez, heriotza hura "zinez sentitzen" dute. "Errespetuz diogu, jakin ondo baitakigu ez dagoela halako mina baretzeko hitzik".

Auzipetuek esan dute militante armatuak izan direla, eta Euskal Herriaren askatasunaren alde "konpromiso osoz" egin dutela borroka. "Orain ere kausa bereko militanteak gara, Euskal Herriaren independentzia lortzeko ahaleginean, baina armak utzi genituen". ETAk 2010eko otsailean erabaki zuen ekintza armaturik ez egitea, eta gogoratu dute 2010eko martxoan "bide hori egiteko babes logistiko bila, auto kopuru handi bat eskuratzeko operazioa" egin zuela ETAk. Operazio haren ostean, baina, "zoritxarrez" ETAk "bilatu ez" zituen gertakariak "suertatu" zirela esan dute: "ETAko kideak uneoro ekiditen saiatu ziren enfrentamendua izan zen Frantziako Poliziarekin".

Gertakari hark "kaltea" eragin zuela adierazi dute. "Kalte politikoa, erasoko ekintzak bertan behera utzi eta berehala horrelako gertakari bat jazo izanak hasitako bake ahaleginari sinesgarritasuna kendu ahal ziolako". Auzipetuek esan dute "zoritxarreko" gertakari hark "kalte humano handia" eragin zuela: "Jean-Serge Nerin brigadier burua bertan hil zen ETAko kideek jaurtitako tiroaren ondorioz".

Auzipetuek gogoratu dute hamarkadetan "alde askotariko sufrimendu handia" izan dela, eta Esan dute ETAk bere ekintzekin eragindako mina onartzen duela. "Are gehiago egin behar dugu denok bakea eta askatasuna ekarriko dituen etorkizun berri bat erdiesteko".