20.825.354,46 euroko aurrekontu orokorra onartu du Udalak 2018rako, aho batez

Uztarria.eus 2017ko abe. 13a, 18:31
2018ko aurrekontuak onartzeko bozketaren unea. (Azpeitiko Udala)

Udalaren aurrekontu propioa 19.292.184,46 eurokoa izango da, aurtengoa baino ia milioi bat handiagoa. Udalaren sail gehienek izango dute 2017an baino diru gehiago, bereziki Ekonomia, Enplegua eta Formaziokoak, Gizarte Zerbitzuek, eta Euskarak eta Hezkuntzak. Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuak ere igo egingo dira datorren urtean.

"Aitzakiarik gabeak" eta "Azpeitiarentzat eta azpeitiarrentzat egokiak" diren aurrekontuak onartu ditu datorren urterako Azpeitiko Udalak, Eneko Etxeberria alkatearen hitzetan. 20.825.354,46 euroko aurrekontu orokorra izango du Udalak 2018an; Udalaren, Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuen batuketak ematen duen kopurua da hori. Udalaren berezko aurrekontua, berriz, 19.292.184,46 eurokoa izango da.

Horrela, eta aurrekontuak osatzeko prozeduraren berri eman zutenean alkateak berak aurreratu bezala, "inoiz baino diru gehiago" izango du Udalak bere egitasmoetarako hastear den urtean. Aurtengoa baino ia milioi bat handiagoa da Udalaren aurrekontu propioa eta sail gehienek izango dute 2017an baino diru gehiago, bereziki Ekonomia, Enplegua eta Formaziokoak, Gizarte Zerbitzuek, eta Euskarak eta Hezkuntzak. Euskara Patronatuaren, Kirol Patronatuaren eta Azpeitia Berritzenen aurrekontuak ere igo egingo dira.

EAJk, bezperan iragarri bezala, Soreasu eta Landeta auzoak berregokitzeko azterketak egiteko "konpromisoa" eskatu zion Udal Gobernuari. Udalak Landetaren gainean bi azterketa eginak dituela erantzun zuen Etxeberriak. Gune horiek "eduki eta proiektu zehatzekin" eraldatu behar direla gaineratu zuen alkateak: ildo beretik, "errazena marrazkia egitea" zela esan zuen Josu Labaka zinegotziak, "baina marrazki hori beharrekin uztartu behar" dela erantsita. Soreasuren eta Landetaren gaineko eztabaida gorabehera, baiezkoa eman zieten jeltzaleek ere 2018ko kontuei eta, horrenbestez, iaz bezala aho batez onartu zituen Udalbatzak urte berrirako aurrekontuak. Udalbatzarraren ondoren gustura azaldu zen alkatea adostasun horrekin: "Azken sei urteotan akordio zabalak lortzeko egin dugu lan eta lortu dugu".

"Ongizate gizartearen eredu"

2018koak "ongizatean eta eskubideetan eragiteko" aurrekontuak izango zirela nabarmendu zuen Udal Gobernuak proposamena aurkeztu zuenean, eta ideia horretan sakondu zuen atzo Etxeberriak. "Ongizate gizartearen eredu izateko aurrekontuak osatu ditugu. Duintasuna ekarri nahi dugu herrira: duintasuna lan baldintzetan eta langabetuentzat, duintasuna babes sozialean, eta duintasuna etxebizitza beharra dutenentzat", adierazi zuen, gorakada handiena izan duten diru-poltsak enplegua, formazioa eta babes soziala areagotzera bideratutakoak izan direla azpimarratuta. "Okerren pasatzen ari diren" adineko pertsonentzako laguntza berria izango da, hain zuzen ere, aurrekontuetako berrikuntzetako bat.

Sail ia guztietan aurrekontuak igo badira ere, jaitsi direnen artean Hirigintza egotea deigarria izan daitekeela aitortu dute Udal Gobenuko kideek, baina horrek ez duela esan nahi "proiektu garrantzitsuak" esku artean izango ez dituztenik; "hala ere, inbertsiotarako 2,3 milio inguru izango ditu Udalak", diote. Azoka Plazako proiektua Elikagunearekin borobiltzea, Basazabal jauregiko lanak bukatzea, Soreasuko Sormen Gunea eta Urrestillarako bidegorria eraikitzea izango dira 2018ko proiektu nagusiak. 

2018ko udal aurrekontuak

Udalaren 2018ko aurrekontu orokorra: 20.825.354,46 euro (2017an 19.233.516,72 euro).

Udalaren aurrekontu propioa: 19.292.184,46 euro (2017an 18.564.182,95 euro).

Euskara Patronatua: 613.419,55 euro (2017an 587.526,35 euro).

Udal Kirol Patronatua: 1.393.644,56 euro (2017an 1.365.007,89 euro).

Azpeitia Berritzen, SA: 833.500 euro (2017an 447.400,00 euro).

 

Udalaren 2018ko aurrekontua, sailez sail:

  • Ogasuna eta Kontuak: 465.964,27 euro (-%37,8. Mailegu baten amortizazioaren jaitsierak eragin du beherakada, Udal Gobernuak azaldu duenez).
  • Hirigintza eta Ingurumena: 2.733.621,24 euro (-%11).
  • Euskara eta Hezkuntza: 911.669,55 (+%17).
  • Kultura eta Gazteria: 867.500 euro (+%3).
  • Kirola: 900.474,56 euro (+%6).
  • Gizarte Zerbitzuak: 1.779.700 euro (+%70; eguneko zentroaren finantzaketa kenduta, +%14,5).
  • Langileria eta Antolakuntza: 5.501.150,14 euro (+%0,3).
  • Festak: 559.000 (+%13).
  • Zerbitzu Orokorrak: 3.609.624,96 euro (%1).
  • Alkatetza: 226.000 euro (+%3,7).
  • Ekonomia, Enplegua eta Formazioa: 1.339.479,74 euro (+%25).
  • Parekidetasuna: 152.000.000 euro (+%5,5).
  • Baserriak: 246.000 euro (-%1).