Maite Iriarte: "Partida gogorra irudikatzen dut, pilotakada askokoa eta sufritua"

Urola Kostako Hitza 2017ko abe. 5a, 19:18
Eneritz Arrieta eta Maite Iriarte, Frontoi Txikian.
Maite Iriarte azpeitiarrak Eneritz Iriarte azkoitiarraren aurka neurtuko ditu indarrak Emakume Master Cup lau eta erdiko pilota txapelketako lehen mailako finalean. Bihar jokatuko dute partida Sopelan, 12:00etan hasita. ETB1ek zuzenean emango du norgehiagoka. Irabazlea zehazteke dago, baina ziurra dena honako hau da: txapela Azpeitira etorri edo Azkoitira joango da. Urola Kostako Hitzak bi pilotariekin hitz egin du.

Maite Iriarte: "Partida gogorra irudikatzen dut, pilotakada askokoa eta sufritua"

Partidaren atarian zer moduz zaude?

Ilusioarekin, gogotsu, baina urduritasun puntua ere badut.

Zer esaten dizute ingurukoek?

Ahal dudan onena emateko eta gozatzeko. Halere, inguruko batzuk ni baino urduriago daude.

Zerk du pisu handiagoa, txapelak ala ohoreak?

Txapela janztea sari berezia da, niretzat, behintzat, bai.

Nolako norgehiagoka izatea aurreikusten duzu?

Partida gogorra irudikatzen dut, pilotakada askokoa eta sufritua.

Apustuak egiten hasita, zer emaitzarekin bukatuko duzue?

Apustu honetan ez dut ezer galtzen, beraz, 22-21 nire alde.

Aurkariaren zer indargune aipatuko zenituzke?

Teknikoki oso pilotari ona da, eta ongi moldatzen da bi eskuekin.

Eta zertan egiten du herren?

Herren zertan? Jakingo banu...

Zer harreman duzu berarekin?

Lagun onak gara, asko estimatzen dut Eneritz. Argi dago bakoitza berea ematera aterako garela kantxara, baina gertatzen dena gertatzen dela, besarkada handi batekin amaituko dugu partida. Eta, gero, irabazlea trago bat ordaintzera! Kar, kar, kar.

Jaikitzen zarenetik finala jokatu bitarteko orduetan zer egingo duzu?

Finala 12:00etan da, eta 10:30ak ingururako Sopelara gerturatuko naiz. Urduritasunak uzten badit, behintzat, ahalik eta lo gehien egingo dut. Gero, egunero bezala kafesnea eta tostadak gosalduko ditut, eta frontoira.

Zu animatzera joanda, harmailetan zale asko izatea espero al duzu?

Familiakoak eta hainbat lagun finalean izango dira, eta etorri ezin duten hainbatek esan dit telebistaz ikusiko duela.

Ezer eramango duzu soinean?

Ez, inoiz ez dut ezer eramaten. Pilotari askok lepokoa eramaten dute, baina beti pentsatu izan dut asko molestatu behar duela.

Eta finalaren ostean, zer?

Animatzen diren lagunekin bazkaltzera.

Txapela jantziz gero, nori eskainiko diozu?

Nire gurasoei, inongo zalantzarik gabe, eta txapela ez bada, kopa. Bai pilotan eta bai futbolean –kirolari ibilbide luzeena azken horretan egin dut– nire jarraitzaile sutsuenak izan dira, garai onetan eta zailetan.

Txapelketan egin duzun lanaz zer balorazio egiten duzu?

Asko gozatu dut txapelketa honetan, eta ja oso pozik nago lortu dudanarekin. Dena den, nire lana baino gehiago txapelketa bera baloratuko nuke. Izugarrizko lana dago atzetik, ikusten ez den lana. Eskerrik asko eta zorionak antolatzaileei, horiek bai merezi dutela txapela!

Emakumeen pilotak zer osasun du?

Oraindik, tamalez, emakumeon kirol esparruan lan asko dugu egiteko. Halere, azken urteetan, pauso handia eman da, eta emakume pilotariak badaudela eta ondo jokatzen dutela ikusaraztea lortu da. Oraingo pilotari gaztetxoek pilotan jarraitzeko aukera izango dute, guk izan ez genuena. Izan ere, pilotak oso gogorrak ziren eta ez zeuden gure eskuetara egokituta. Beraz. hori lorpen handia da. Bestalde, emakume pilotariak ikusarazte horrek emakume gehiago animatuko eta erakarriko dituela uste dut.

Nondik norakoa duzu pilotarako zaletasuna?

Kirolzalea izan naiz txikitatik. Kirol guztiak ditut gustuko, eta ikastolan frontoia ere bazegoenez, pilotan ere aritzen nintzen. Baina ez dut zaletasunerako arrazoi berezirik.

Eneritz Arrietari egindako elkarrizketa honako lotura honetan irakur daiteke.