Enekoitz Esnaolak idatzitako 'Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna' liburua aurkeztu dute, Baionan

Uztarria.eus 2017ko abe. 4a, 23:20
Liburuaren aurkezpeneko irudia. (@ainariss)

Euskal Museoan egin dute aurkezpena, eta, Esnaolaz gain, han izan dira Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Mixel Berhokoirigoin bakegilea. Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak eta Txetx Etxeberri bakegileak ere parte hartu dute aurkezpenean, Paristik igorritako bideo bidez. Liburua Berriak, Elkarrek eta Jakinek kaleratu dute. Durangoko Azokan ere aurkeztuko dute lana, abenduaren 6an. Liburua salgai sarean edo liburu dendetan.

Gaur, astelehena, aurkeztu dute Enekoitz Esnaola (Azpeitia, 1970) Berriako kazetariak idatzi duen Luhuso. ETAren armagabetze zibilaren kontakizuna liburua, Baionako Euskal Museoan. Azpeitiar kazetariak Aieteko bake konferentziatik ETAren armagabetze egunera arteko kontakizuna egin du Aleka bildumarako idatzitako liburuan. Bide horretan guztian lekuko izan diren eta parte hartu duten hainbat kide elkarrizketatu du Esnaolak.

Bertan izan dira, Esnaolaz gain, Jean Rene Etxegarai Euskal Elkargoko lehendakaria eta Mixel Berhokoirigoin bakegilea. Paristik igorritako bideo bidez, Anaiz Funosas Bake Bideko lehendakariak eta Jean Noel Txetx Etxeberri bakegileak ere parte hartu dute ekitaldian.

Berhokoirigoinek eta Etxegaraik Luhusoko saioaren garrantzia azpimarratu dute; "historikotzat" jo du Berhokoirigoinek, eta Etxegaraik nabarmendu du egun hartan herritarrek egin zutela "estatuek egiten ez zutena: iniziatiba hartzea".

Gatazkaren korapiloak askatzen joateko ETAren armagabetzea "gauza handia" izan zen, Esnaolaren esanetan, eta haren asmoa izan da "hor zer gertatu zen kontatzea eta gogoeta aldetik arrasto bat uztea".

Durangoko Azokaren barruan, abenduaren 6an, liburuaren beste aurkezpen bat egingo du egileak. Azokako areto nagusian egingo dute aurkezpena, 17:00etan hasita. Liburua Elkarrek, Jakinek eta Berriak argitaratu dute elkarlanean, eta Berria Dendan eta liburu dendetan dago eskuragarri.

Enekoitz Esnaola kazetari azpeitiarrak beste bi liburu ere baditu eginak: Joxe Takolo biografia eta, Jose Luis Aizpururekin batera, Lagun Onak Mendi Bazkuna. 50. urteurrenaHalaber, Azpeitiko sokamuturra. Soka ez da eten dokumentala ere egin zuen.
 
Kazetaritzan lizentziaduna da, EHUn. Berriako Politika saileko kazetaria da gaur egun. Aurretik, Egunkarian eta Hitza proiektuan aritua da. 25 urtean dabil euskal prentsan lanean. Azpeitian herrigintzan ere ibilia da, Uztarria Kultur Koordinakundeko eta Kultur Mahaiko talde eragileetako kidea izan baita urtetan.