Azpeitiko EAJren 110 urteko ibilbidearen zertzeladak, iruditan jasota

Uztarria.eus 2017ko abe. 2a, 15:14

Ez dira egunero 110 urte betetzen, baina urtemuga horretara iritsi da Azpeitiko EAJ. Atzo, abenduak 1, bete ziren 110 urte herrian aurreneko Batzokia ireki zutela. Data esanguratsu horren harira, Pello Elorzak idatzitako Azpeitiko EAJren ehun urtetik gorako ibilia liburua aurkeztu zuten atzo bertan, Batzokian. Gaur jarraitu dute ospakizunarekin, eta alderdiaren historia jasotzen duen liburuan oinarritutako erakusketa zabaldu dute Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. Jendetza hurbildu da irekiera ekitaldira, tartean, alkare eta zinegotzi ohiak, Joseba Egibar Gipuzkoa Buru Batzarreko lehendakaria, eta Azpeitiko EAJren ibilbidean zehar alderdiari babesa erakutsi dioten dozenaka herritar.

Erakusketa aretoan elkartu dira denak 12:00ak aldera, eta bertan jasotako irudi eta testuei begirada azkar bat eman ostean, aurkezpen ekitaldiarekin hasi dira. Hitza hartzen aurrena Jabier Altuna izan da, eta gogora ekarri du erakusketaren atzean ezkutatzen den "lan eta sakrifizio guztia". Era berean, etorkizunera begira ere jarri da Altuna, eta azpimarratu du "etorkizunak zer ekarriko duen ez badakigu ere", "ilusioz eta gogoz" hartu behar dela.

Irudi artxiboa izatearen garrantzia

Pello Elorzak hartu du hitza ondoren, eta hark erakusketaren nondik norakoak azaldu ditu: "Liburuak zazpi atal ditu, eta gaur zabaldutako erakusketa ere zazpi paneletan dago banatuta. Liburuan jasotzen diren irudiak ikus daitezke hemen. Hala ere, badira dozena inguru argazki liburuan ez daudenak, liburua inprentara bidali ostean jaso genituelako". Jaso dituzten dokumentuen garrantzia azpimarratu du Elorzak, eta alderdikideei dei egin die argazkirik izatekotan, berari pasatzeko, "gustura" hartuko dituela eta. Horren harira, esan du, etorkizunera begira "oso garrantzitsua" dela artxibo propio bat izatea, "jeltzale berriek-eta izan dezaten iraganekoen berri".

110 urteko ibilbidean zehar jasotako argazkien inguruko azalpek labur batzuk ere eman ditu Elorzak. Esaterako, aipatu du, nola duela urte batzuk, Azpeitiko EAJko kideek antzerkia zaletasun zuten gertaerak irudikatzeko. Horrez gain, gogora ekarri ditu "hitzaldi aberkoiak", alderdikideei "kemena transmititzeko" helburuarekin antolatzen zituzten solasaldiak. "Horiek guztiak artxiboetan jasota izatea garrantzitsua da. Gure hurrengoek ere izan dezatela materiala, irudiak eta testuak, orain baita bideoak ere", azpimarratu du Elorzak.

Iraganaz eta etorkizunaz

Iragarena begira jarri da Joseba Egibar bere hitzartzean, aurrenik, eta gogora ekarri du Basilio Urbistondo gudari azpeitiarra. Erakusketa irekieraren aurretik haren etxean izan dira Azpeitiko EAJko hainbat kide Egibarrekin batera, Urbistondori aitortza egiteko. Ondoren, alderdiaren 110, urteei egin dio erreferentzia GBBko lehendakariak: "Erakunde baten bizitzan eta euskal politikaren bizitzan ere urte asko dira 110 urte. Denbora horretan, Alderdi politiko asko sortu dira eta beste batzuk desagertu. Horrek zerbait erakusten du. Erakusten du bizitzan hainbat erabaki estrategiko hartu behar direla, eta horiekin asmatu behar dela. Izan ere, erabaki okerrek ondorioak eta zamak ekar ditzakete etorkizunera begira".

Bestalde, Azpeitira lotzen duen oroitzapen bat gogoratu du Egibarrek. Azpeitian eman zuen aurreneko mitina, Xabier Arzallusekin batera, estatutuaren aldeko kanpaina batean. Unea jasotzen duen argazkia ikusgai dago gaur zabaldu duten erakusketan. Orainari begira jarrita, berriz, esan du "daukaguna zaindu" beha dela, baina horretan gelditu gabe: "Eskumen gehiago nahi baditugu, horiek zergatik eta zertarako nahi ditugun jakin behar dugu. Aukera berriak daude, eta asmatu egin behar dugu".

Bihar, abenduak 3, Euskararen Eguna da, eta dataren atarian, euskarari ere egin dio aipamena Egibarrek. Hark esan duenez, "euskarak batu egiten du eta euskara dagoen lekuan abertzaletasunak aurrera egiten du". Horregatik azpimarratu du euskara zaintzearen garrantzia. "Gora Euskadi askatuta! " ohituarekin amaitu du hitzartzea Egibarreak, bertaratu diren lagun guztien txalo zaparrada artean. 

Egunari eta urteurrenari amaiera biribila emateko asmoz, bazkaria egingo dute Batzokian.