110 urteko historia liburuan jaso du Azpeitiko EAJk

Uztarria.eus 2017ko abe. 2a, 11:37
Pello Elorza eta Azpeitiko UBBko buru Jabier Altuna, liburu berria eskuetan dutela.

Atzo aurkeztu zuten Batzokian Pello Elorzak idatzi duen Aberria bihotzean: Azpeitiko EAJren ehun urtetik gorako ibilia argitalpen mardula. Momentuz, Batzokian bertan eskuratu daiteke. Gaur jarraituko dute herriko jeltzaleek 110. urteurrenaren ospakizunekin, eguerdian Foru Ibilbideko udal aretoan irekiko duten erakusketarekin eta ondorengo bazkariarekin.

Atzo, abenduak 1, bete zen EAJk Azpeitian lehen Batzokia ireki zueneko 110. urteurrena, eta data esanguratsu hori baliatu zuten Azpeitiko jeltzaleek Azpeitiko EAJren ehun urtetik gorako ibilia liburu mardula aurkezteko. 300 ale atera dituzte eta, momentuz, Batzokian bertan eskura daiteke, 15 euroren truke. Aurrerago liburudendetan banatzeko asmoa badutela esan zuten aurkezpenean.

Materiala falta

Alderdi jeltzaleak herrian izan duen ibilbidea jaso du Pello Elorzak 500 orrialde inguru dituen argitalpenean. Egileak berak azaldu bezala, ez da egun batetik bestera prestatutako lana izan, ezta gutxiago ere. Orain dela hamar urte agitaratzea zuten hasierako asmoa, mendeurrenarekin batera, baina bide gorabeheratsuaren ondoren hamarkada bat gehiago behar izan du lanak argia ikusteko. "Ez nuen nik atera behar, beste pertsona bat zen egitekoa", azaldu zuen atzo Elorzak: "Azkoitiarrek ere urte berean zuten mendeurrena eta, garai hartan, bi herrien artean halako batzorde bat sortu eta erakusketa bat egin genuen Betharramdarretan. Erakusketa hartarako liburuxka atera zuen historialariari esan genion liburu potoloago bat egiteko. Baiezkoa eman zigun, baina beste lan bat sortu zitzaion eta liburua egin gabe gelditu ginen". Azkoitiko Raimundo Alberdik eta Elorzak berak hartu zuten orduan proiektua, "halako optimismo handi-handi batekin". Abiapuntua ezberdina zen, ordea, Azkoitian eta Azpeitian, "azkoitiarrek material mordoxka zutelako, eta gu ezer gabe geunden". Horrela, Azkoitiko EAJk orain dela urte batzuk argitaratu zuen bere historiaren liburua, eta gehiago atzeratu zaie kontua Azpeitikoei.

Material gabezia horrek izan du zerikusia proiektuaren luzapenean. Artxiboetan lortutako hemerotekako informazioarekin osatutako liburua da, neurri handi batean, Elorzarena. Lazkaoko Benediktarren Fundazioa, Loiolako Santutegiko Euskal Liburutegia eta Azpeitiko Udalaren Artxibategia izan ditu informazio iturri nagusiak, Interneteko gordailuekin batera. Aipatu artxibategietako arduradun Juan Joxe Agirreri, Olatz Berasategiri, eta Victor Herrerori eta Lourdes Montecelori eskerrak emateko baliatu zuen aurkezpena Elorzak.

"Batzokian ez dugu hasierako urte haietako datu zuzenik", dio egileak, eta bere amak kontatutako pasarte batek horretan zerikusia izan dezakeela uste du: "Nire amak esaten du Gerra Zibilean, Francoren matxinatuak Azpeitian sartu zirenean, Batzokia Plaza Txikian zegoela eta leihoetatik aidean paperak, altzariak, argazkiak eta tresneria bota zituztela, eta plazatxoaren erdian su eman zietela".

Behetik gorako historia

Edukiari dagokionez, azpimarratu zuen Elorzak liburua ez dela EAJren azterketa ideologiko bat. "Liburu honen ikuspegia behetik gorakoa da. Herritar soilek, hasierako garai haietan, zituzten kezka, asmo, amets, gogo eta kemenak azaldu nahi ditu", esan zuen. Datu eta material originalen gabeziak helburua zaildu arren, "ahal zen guztietan" Azpeitiko EAJren historiaren parte izan diren herritarren izen-abizenak jaso eta plazaratu ditu Elorzak.

Bada liburuaren egilea bereziki "harritzen" duen kontua, eta hori da EAJren hasierako urteetan jeltzaletasuna zer abiaduratan hedatu zen. "1895eko uztailaren 31n, San Ignazio egunez, sortu zuen Sabino Aranak EAJ. Eta handik 12 urtera, Azpeitian bazegoen jada abertzale talde bat; eta batzeko toki bat, batzoki bat, ireki zuten". Garai hartako komunikazioek eta hedabideek gaurkoekin zerikusirik ez zutela kontuan hartuta, Elorzak ondorioa atera du "bazegoela halako sentimendu nazional bat, halako behar bat" mende erdi inguru lehenagoko gerra karlistetan foruak galdu zituen gizarte hartan. "Hor bazegoen gogo edo amets bat, Sabinok ondo hezurmamitzen jakin zuena, JEL leman laburbiltzen dena: Jaungoikoa eta Lege Zaharra".

Gaur, erakusketa

Atzo liburua aurkeztuta, 110. urteurrena ospatzen jarraituko dute gaur Azpeitiko EAJkoek. 12:00etan, Foru Ibilbideko udal aretoan, Eusko Alderdi Jeltzaleak 110 urte Azpeitian erakusketa irekiko dute. Alderdikide beteranoenak lore-sorta banarekin omentzea nahi zuten ekitaldi horretan, baina azkenean ez dira bertan izango; etxean jasoko dute aitortza lagun horiek. Gaurtik hilaren 8ra, biak barne, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik erakusketa.

Irekiera ekitaldiaren ondoren, herriko jeltzaleek bazkaria izango dute Batzokian.