Denetariko ekintzak egin dituzte ikastetxeetan Euskararen Eguna ospatzeko

Uztarria.eus 2017ko abe. 1a, 17:19

Datorren igandean, abenduak 3, ospatuko da Euskararen Eguna, Azpeitian, Euskal Herrian eta euskara bizi-bizi dagoen munduko hainbat txokotan. Data horri aurre hartu diote gaur herriko ikastetxeetan, eta goizean zein arratsaldean denetariko ekintzak egin dituzte euskaldunon hizkuntzaren eguna ospatzeko. 

Azpeitiko Ikastola Ikasberrin aurpegi margoketa, jolasak, ipuin kontaketa eta herri kirolak, eta Gabonetako zuhaitzaren apainketa egin dituzte, besteak beste. Hori ez ezik, HHkoek, LH 1 eta 2koek Mari Domingiri ongietorria egin diote. Elurretan jaitsi da gaurkoan Maridomingi, Ikasberriko ikasleen gutunak-eta jasotzera. 

Iraurgi Ikastetxean, kantuan ekin diote egunari HHko jolastokian. Ondoren, HHkoek banderatxoak egin dituzte Amestutako tokian, euskara oinarrian leloarekin eta dantza egin ostean aurpegi margoketari ekin diote. Lehen Hezkuntzan, Euskararen Eguneko manifestuaren irakurketa egin ostean, bertso, dantza eta abesti emanaldia egin dute. Arratsaldean, aldiz, herri kirolak eta Euskal Olinpiadak egingo dituzte. DBHn bertso saioa eta ginkana izan dituzte. DBHO1 era 2an, aldiz, Apaizac obeto dokumentala, ikusteko parada izan dute.

Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarain ere goizetik hasi dira Euskararen Eguna ospatzeko prestatuta zituzten ekintzekin.  Esaterako, euskal kantuen kantaldia, Ikastolako pareten apainketa, ipuin kontaketak eta euskararen eguneko marrazkiak egin dituzte. Arratsaldea amaitzerako, berriz, jolasak eta Erre zenituzten dantza emanaldia dute prestatuta.

Urola Ikastolako ikasleak, berriz, eskolatik irten eta Soreasura mugitu dira. Han, Imanol Ituiño magoaren ikuskizunaz gozatzeko aukera izan dute. Hori ez ezik, euskal jolasak ere egin dituzte. Aurten,  Euskaraz bizi nahi dut leloa aukeratu dute festa ospatzeko. eta DBH 1eko ikasleek egin dituzten lanekin erakusketa jarri dute ikastetxean.