Beñat Igerabide eta Perlak taldearen kontzertuak izango dira bihar Sanagustin kulturgunean

Uztarria.eus 2017ko aza. 30a, 14:05

Katapulta Tour Gipuzkoa 2017ko zirkuituko kontzertuak izango dira. 22:00etan hasiko dira emanaldiak, eta sarrera doakoa izango da.

Katapulta Tour Gipuzkoa 2017ko zirkuituko kontzertuak izango dira bihar, ostirala, Sanagustin kulturgunean. 22:00etan hasita, Beñat Igerabide eta Perlak taldea izango dira oholtzan. Doan izango dira kontzertuak.

2017ko azaroaren 6an kaleratu zuen Igerabidek bigarren diskoa: Geldialdi bakoitzean. Pop-rock musika egin izan du Igerabidek, baina beste musika estilo batzuk ere sartu ditu disko berrian. Musikaria taldearekin igoko da Sanagustingo oholtzara. Honako hauek dira taldekideak: David Etura (bateria eta ahotsak), Matthieu Haramboure (baxua), Peio Gorrotxategi (teklatuak), Gorka Urra (gitarra, ahotsak) eta Beñat Igerabide (ahotsa eta gitarra).

Perlak, berriz, 2013an Zarautzen sortutako taldea da, eta indie postpunk estiloa lantzen dute. 2014an aurkeztu zuten lehen diskoa, eta Gaztea Maketa Lehiaketaren finalera iritsi ziren urte hartan bertan. 2015ean, berriz, Emakumeen Mundu Martxako abestia, Bandera Moreak, egin zuten. Eta iaz kaleratu zuten bigarren diskoa: Itzaletatik. Honako hauek dira Perlakeko kideak: Oihane Abarrategi, Maite Martiarena, Patxi Agirre eta Ilargi Agirre.

Gipuzkoako talentu berriei indarra emateko eta horiek sustatzeko egitasmoa da Katapulta Tour, eta hainbat taldek formatu txikiko emanaldiak eskaini dituzte urte osoan zehar; horietako batzuk Sanagustin kulturgunean. Gipuzkoako Foru Aldundiaren Kultura sailak bultzatutako egitasmoa da, eta Kutxa Kultur, Donostia Kultura eta Buenawista Prolleckziom's-ek antolatzen dute elkarlanean.