Zilarrezko ezteiak ospatzeko prest da Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia

Uztarria.eus 2017ko aza. 30a, 13:11
XXV. Azkoitia-Azpeitia maratoi erdiaren irudia.

Diego Garciaren omenezko lasterketak 25. edizioa beteko du 2018an, eta urteurren horri lotutako logoa eta irudia aurkeztu dituzte antolatzaileek, Badugu zer ospatu! leloarekin. Martxoaren 24an izango da lasterketa eta Internet bidezko izen-ematea astelehenean irekiko dute.

Berezia izango da 2018ko Azkoitia-Azpeitia maratoi erdia. Hala izatea nahi dute, behintzat, antolatzaileek, eta horretarako lanean hasita daude. Izan ere, 25 urte beteko ditu Diego Garcia zenaren omenez egiten den lasterketak datorren martxoaren 24an –hil honen erdi aldera jakinarazi zuten data–, eta urteurren horri lotutako logo berria aurkeztu dute orain, probaren irudia izango den kartelarekin batera; Badugu zer ospatu! leloa aukeratu dute bietarako. "Ekitaldi bereziz osatu nahi dugu urteurrena. Azken urteetan bezala, irudi lanketa oso bat egin dugu. 25. edizioa ospakizun berezia izatea nahi dugu, lasterketak eman duen bidea zentzu guztietan azaltzeko aukera bat", adierazi dute antolatzaileek.

Izen-ematea, hastear

Astelehen honetan, abenduak 4, irekiko dute datorren urteko maratoi erdirako Internet bidezko izen-ematea. Atletek kirolprobak.com webgunean eman ahalko dute izena. Goiztiarrenek saria ere izango dute, izena ematen duten lehen 100 lagunek 15 euro bakarrik ordainduko baitute.