Patxi Isasmendi: "Helburua da gure jakituria ondorengo belaunaldiei transmititzea"

Uztarria.eus 2017ko aza. 29a, 15:54
Patxi Isasmendi, xake jokalaria.

Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketan, datorren urtetik aurrera lehen mailan aritzeko txartela irabazi zuen azpeitiarrak joan den asteburuan. "Lehenbiziko mailari eustea, jende onaren kontra jokatzea, ikasten joatea eta gozatzea" dira Azpeitiko Xake Taldeko kidearen helburuak denboraldi berrian.

18 urte zituenetik ari da federatuta xakean jokatzen Patxi Isasmendi (Azpeitia, 1968); Azkoitiko Kakute taldean aurrena eta Azpeitiko Xaputarraken, gaur egun. Urte horietan guztietan, ahaleginaren poderioz eta xakeari ordu asko eskainita, Gipuzkoako Bakarkako Xake Txapelketan bigarren mailatik lehenbizikora jauzia ematea lortu du. Maila igoeraz, eta herriko xake taldeaz hitz egin du, besteak beste, Isasmendik Uztarriarekin.

Noiz hasi zinen xakean jokatzen?

Txikitatik jokatu izan dut. Urte batzutan Azkoitian egon nintzen bizitzen, eta Azkoitiko Kakute xake kluba ezagutu nuen, eta han hasi nintzen jokatzen, 18 urterekin.

Zer suposatzen du zuretzat bigarren mailatik lehenengora igotzeak?

Maila absolutuan xakelari oso onak daude, eta horiekin jokatzea plazer handia da. Maisu horien artean xaketik bizi diren jokalariak daude, eta izugarrizko jakinduria dute xake-jokoan. Eta, noski, horiekin jokatzeak ikastea esan nahi du. Hemen inguruko maisuak dira Alejandro Franco, Anibal Fernandez, Karlos Sanchez, eta txiki-txikitatik ari dira jokatzen xakean. Xakean maila ona izateko umetatik hasi beharra dago jokatzen, 6-7 urterekin. 

Espero al zenuen mailaz igotzea lortzea?

Bai. Alejandro Franco maisu handia da gure irakaslea. Franco xaketik bizi da, eta beti ikusten duzu igotzeko aukera hori.

Zer aurreikuspen dituzu maila berrian?

Orain taldeka txapelketa hasiko dugu, eta gure helburua da bigarren mailatik lehenengora igotzea lortzea. Bakarka, berriz, lehen mailatik gorengora igotzea oso zaila da, xaketik bizi diren goiko klubetako maisu handiak baitaude, eta kristoren maila dute. Nire helburua da lehenbiziko mailari eustea, jende onaren kontra jokatzea, ikasten joatea eta gozatzea.  

Zenbat denbora eskaintzen diozu xakeari?

Uffff, asko! Klubean astean bitan aritzen gara umeei irakasten, astelehenetan eta ostegunetan. Zorionez, lortu dugu umeekin bigarren talde bat sortzea, ligan taldeka jokatzeko. Atzetik beste ume mordoa dugu, baina Gipuzkoan 12 urtera arte ez dute jokatzerik gaztetxoek xakean, eta adin horretara iritsi arte egon egin beharko dute. Hor badaude, zazpi-zortzi urterekin xakean ondo jokatzen duten gaztetxoak, baina horiek ezin dute lehiatu, eta pena da. Helburua da gure jakituria ondorengo belaunaldiei transmititzea.

Azpeitiko Xake Taldeak orain arte izan ez duen egonkortasuna eta indarra ditu. Zer osasun du herriko taldeak?

Hor genbiltzan gu taldea sortu bai, ez, zalantzan, eta, azkenean, Azpeitiko Udalak animatu gintuen talde bat sortzera. Noski, horrek borondatezko lana egitea eskatzen du. Saskibaloian, futbolean... hainbesteko bat ordaindu behar izaten dute umeek, baina Azpeitiko Xake Taldean jokatzen ari diren gaztetxoei ez diegu kuotarik kobratzen. Lan asko eskatzen du horrek guztiak, baina taldea sortu genuen, Iñaki Uranga izendatu genuen lehendakari, eta Urangak lau urteotan izugarrizko lana egin du. Herriko taldeak gaur egun osasuna badu Urangari esker da.

Zenbat kide zarete taldean?

Gaur egun, helduetan –18 urtetik gorakoak– hamar bat lagun gabiltza. Eta 6 eta 16 urte artekoak, berriz, ia hogei dira.

Emakumerik bai, helduetan?

Bat etorri zen behin, baina hainbeste gizon ikusita beldurtu egin zen. Baina Uranga Emakumeen Txokoarekin hizketan ari da, elkarlanean emakumeen xake taldea sortzeko. Lan handia ari da egiten Uranga, udalarekin, federazioarekin eta emakume txokoarekin hariak mugitzen ari da eta.