Bihar itxiko da Bakegileek Parisen egingo duten mobilizaziora autobusez joateko izen-ematea

Uztarria.eus 2017ko aza. 29a, 13:51

Izen-ematea Orkatz, Kantoi, Lorea eta Urola express tabernetan egin daiteke. angileek 50 euro ordaindu behar dute, eta ikasleek, langabetuek zein langile prekarioek 20 euro

Bakegileek deituta, abenduaren 9an Parisen egingo duten manifestaziora autobusez joateko izen-ematea bihar itxiko da. 

Abenduaren 8an, ostiralean, gauez irtengo da autobusa Azpeititik Parisera, eta hurrengo eguneko 10:00ak aldera iritsiko da hara. 12:30ean hasiko da manifestazioa, eta 18:00etan abiatuko da bueltan autobusa Azpeitira; igande goizean iritsiko da herrira. Interesatuek Orkatz, Kantoi, Lorea eta Urola express tabernetan eman behar dute izena. Langileek 50 euro ordaindu behar dute, eta ikasleek, langabetuek zein langile prekarioek 20 euro. Autobusaren gastuei aurre egiteko, bost euroko bonoak saldu dituzte, "autobusa ez dadin hain garestia izan" joan nahi dutenentzat.

Mobilizazioan Frantziako Gobernuari eskatuko diote "urrats nabarmenak egin ditzala presoek pairatzen dituzten salbuespen neurriak bertan behera uzteko". Frantzian, Euskal Herriaren inguruan izan den "mobilizaziorik handiena" izatea nahi dute. 

Hona hemen abenduaren 9rako prestatu duten egitaraua:

11:30. Elkarretaratzea Montparnasse geltoki aintzinean, animazioen hastapena eta Euskal Herritik bereziki antolatuak izan diren trenei harrera. 

12:00. Presondegien martxari harrera.

12:30. Manifestaldiaren abiatzea. Euskal Herritik joandako musika eta dantza taldeek alaituko dute. Artista andana batek sound system kamioi baten gainetik animatuko dute manifestaldia:

  • Bad Sound System eta Fermin Muguruza
  • Zebdako Mouss eta Hakim
  • Ogres de Barbackeko Fredo
  • Oreka TX
  • Rocé

14:00. Manifestaldiaren heltzea. Hitz hartzeak.

14:30. Kantuak.

17:00. Gaualdia Pariseko Euskal Etxean.

18:00. Manifestaldiaren bukaera, autobusetara eta trenetara itzulera.