Azpeitiko EAJk 110. urtemuga ospatuko du datozen egunetan

Uztarria.eus 2017ko aza. 29a, 11:24
Azpeitiko eta Azkoitiko EAJk 100 urte bete zituzteneko ekitaldiko irudia, Azkoitiko batzokiaren aurrean.

Ostiralean Pello Elorzak idatzitako Aberria bihotzean. Azpeitiko EAJren 100 urtetik gorako ibilia liburua aurkeztuko dute Batzokian. Zapatuan, aldiz, alderdiaren ibilbideaz erakusketa zabalduko dute jeltzaleek Foru Ibilbideko erakusketa aretoan. 

Eusko Alderdi Jeltzaleak 1907ko abenduaren 1ean ireki zuen Batzokia Azpeitian, eta beraz, aurten 110 urte beteko ditu. Urtemuga hori ospatzeko hainbat ekitaldi antolatu dituzte herriko jeltzaleek ostiralerako eta zapaturako.

Ostiralean, abenduak 1, Aberria bihotzean. Azpeitiko EAJren 100 urtetik gorako ibilia liburua aurkeztuko dute Batzokian. Pello Elorza azpeitiar alderdikideak idatzi du liburua, eta bertan jasotakoaren inguruko zertzelada batzuk azalduko dituzte aurkezpenean.

Zapatuan, berriz, Eusko Alderdi Jeltzaleak 110 urte Azpeitian erakusketa zabalduko du EAJk udalak Foru Ibilbidean duen erakusketa aretoan. Irekitze-ekitaldia 12:00etan egingo dute, eta alderdikide zaharrenei lore-sorta bana emango diete. Erakusketa abenduaren 1etik 8ra, biak barne, 18:00etatik 20:00etara egongo da zabalik. Ondoren, herriko jeltzaleek bazkaria izango dute Batzokian.

Bazkarira joan nahi dutenek, "ahalik eta azkarren" izena eman behar dutela gogoratu du Azpeitiko EAJk, alderdikideren batekin harremanetan jarrita.