Ander Beristain: "Ondorioztatu dut Azpeitiko euskaran arau fonologikoak hurrenkera jakin batean aplikatu behar direla"

Uztarria.eus 2017ko aza. 27a, 21:39
Ander Beristain, Illinois at Urbana-Champaign unibertsitatean. (A.Beristain)

Hizkuntzekiko duen interesa dela-eta, Ingeles Ikasketetako gradua egin zuen Ander Beristainek (Azpeitia, 1993) Gasteizen. Hizkuntzalaritzan espezializatu zen, fonologian, zehazki. Duela urte eta erditik AEBetan dago, eta besteak beste, Azpeitiko euskararen hiztegi dialektologikoa egin du. Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratuko dute azpeitiarrak egindako lana. 

Zer aztertu duzu egindako ikerketan?

Nire lana Azpeitiko euskararen hiztegi dialektologiko bat da. Proiektuak 120 orri inguru ditu. Lehenik, hiztegia nola egin nuen azaldu dut, datu bilketaren nondik norakoak, parte hartzaileen deskribapena eta horiek egin zituzten ariketak zehaztuta. Gero, 20 orrialdetan, gutxi gorabehera, Azpeitiko euskararen fonologia azaldu dut, irakurleak uler ditzan hiztegian zehar azaltzen diren hitzen nondik norakoak. Lehen atal horretan, gure euskaran ematen diren bokal alternantziak, kontsonante txertaketak eta kontsonante ezabapenak azaldu ditut. Azkenik, 100 orrialdeko hiztegia gehitu dut, gaztelaniazko zein ingelesezko hitz-ordainekin. Jasotako hitz motaren arabera, bakoitzak forma bi edo gehiago ditu (singularra-plurala, forma burutua-burutugabea), hitzaren azentuak aldaketarik jasaten duen edo ez jakiteko eta erakusteko.

Zer ondorio atera dituzu?

Bokal alternantziari dagokionez, ondorioztatu dut azpeitiarrok arau fonologiko asko ditugula, eta arau bat edo beste bat aplikatzeko ordena jakin batean egin behar dela. Hau da, Azpeitiko euskaran arau fonologikoak hurrenkera jakin batean aplikatu behar direla. Esaterako, har ditzagun 'mendia' eta 'etxea' hitzak. Aurreneko hitza azpeitiarrez 'mendiye' da; bigarrena, berriz, 'etxie'. Baina, zergatik ez 'etxiye'? Tontakeria dirudi, baina bokalen kontestuak baldintzatzen du guztia. Hori azaltzeko, hainbat arau aztertu ditut.

Azpeitiko euskarak azentu bereizgarria duela ere ondorioztatu dut egindako lanarekin. Uste hori sarritan aipatu izan da literaturan, eta nire proiektuak guztiz bermatzen du. Egin dudan lana hizkuntzalariek aurrera begira erabili ahal izango duten corpusa izatea espero dut. 

Non argitaratuko dituzte lanok? Zer garrantzia du horrek?

Lan hauek Nafarroako Gobernuak argitaratzen duen Fontes Linguae Vasconum aldizkarian argitaratuko dituzte. Lehen erdia 2018. urtean argitaratuko da, eta bigarren erdia 2019an. Aldizkari hori euskalaritzarekin harremanetan dagoen aldizkari garrantzitsu zein eguneratuenetako bat da. Gainera, egin dudan lanak gaztelaniazko eta ingelesezko hitz-ordainak dituenez, nire asmoa da nazioarteko sona lortzea. Hasierako sarrera euskaraz idatzita badago ere, hiztegia gaztelania eta ingelesa hitz egiten dutenek ere irakurri eta ulertu ahal izango dute. 

Zenbat denbora eman duzu lana osatzen?

Urte eta erdiz egon naiz lan honekin. Unibertsitateko karrera amaitzen ari nintzela, Jose Ignazio Hualde irakaslea nirekin harremanetan jarri zen, eta lan hau egitea proposatu zidan. Hark 1994an antzerako lan bat egin zuen EHUko bi irakaslerekin batera. Hura Lekeitioko euskarari buruzkoa zen, ordea. Azpeitiko euskararen berezitasunak kontuan izanda, interesgarria izan zitekeela pentsatu zuen.

Nor izan duzu bidelagun proiektua egiteko orduan?

Laguntza asko jaso dut azken bi urteotan. Anaiek asko lagundu zidaten hasiera batean. Lehenengo urratsa Lekeitioko hiztegi hura hartu, eta Azpeitiko euskarara "itzultzea" izan zen; lan nekeza, azken finean. Anaiekin batera aritzen nintzen hitzak ozen esaten eta errepikatzen, eta bat egiten genuela ikusten genuenean, ontzat hartzen genuen. Ondoren, hitz horiek modu horretan gure etxean baino esaten ez zirela baztertzeko, 20 gazte azpeitiarrek hartu zuten parte lanean: kuadrillakoak, beste lagun batzuk... Ariketa mota ezberdinak eman nizkien, hitzen baiezkotasuna bermatzeko. Gainera, hitzen formetan ezberdintasunik topatzen nuenean, horiek ere apuntatzen nituen. Hori egin ostean, bi pertsonek, gazte batek eta adineko beste batek, hiztegi osoa irakurri zuten, eta zuzenketak eman zizkidaten. Gazteen eta horien aurreko belaunaldikoen hiztegian aldaketarik eman den ala ez jakiteko erabaki zuen adineko herritar baten iritzia jasotzea. Horiek ez ezik, prozesu guztian zehar asko lagundu dit Hualde irakasleak, esaterako, ikuspuntu berriak emanda eta horrelako lan bat nola idatzi behar den azalduta. Beraz, egitasmoa aurrera eramaten lagundu didaten guzti-guztiei eskerrak eman nahi dizkiet hemendik. 

Azpeititik Ameriketara euskara aztertzera. Zer dela eta?

Euskara eta gaztelania. Askok egin didaten galdera da hori, ez bakarrik etxean, baita hemen ere, Estatu Batuetan. Jende askok AEBetako unibertsitateak oso garestiak direla pentsatzen badu ere, ikasketak finantzatzeko aukera ugari ematen dituzte unibertsitateek. Zugan dirua inbertitzeak merezi duela erakusten badiezu, laguntza emango dizute. Nire kasuan, EHUn karrera amaitzen ari nintzela ekin nion prozesuari. Lehenik eta behin, unibertsitateko ibilbidean zehar nota onak ateratzea eskatzen dute, egiten duzun horretan ona zarela eta lana egiteko gogoa duzula erakusteko. Gero, motibazio gutun moduko bat eskatzen dute. Bertan, etorkizunean egitea nahi duzuna azaldu behar da, baita hori egiteak duen garrantzia aipatu ere. Horrez gain, irakasleen gomendio-gutunak eta ikerketa lan bat egiteko eskatzen dute hango unibertsitateek. Guzti horrekin konbentzitzen badituzu, unibertsitateak eskaintza bat egiten dizu. Niri unibertsitatean gaztelania erakusteko eskaintza egin zidaten, eta baldintza onekin, gainera. Izan ere, hilabetero soldata finko bat izango nuela bermatu zidaten, eta matrikularen kostuaren kopuru handi bat beren gain hartu zuten. Azken batean, EHUn ordaintzen nuenaren berdina ordaintzen dut hemen. Zein den ezberdintasuna? Hemen, soldata bat eta etorkizunerako lan-esperientzia dudala, Euskal Herrian eta Espainian master mailan ezinezkoa den zerbait, hain zuzen.

Han ezagutzen al dute euskara?

Hizkuntzalaritza munduan euskarak premia handia du. Oso hizkuntza berezia da, eta hizkuntzalariek hori asko baloratzen dute. Nire unibertsitatea, University of Illinois at Urbana-Champaign, Etxepare Institutuak duen sareko kidea da, eta euskara ikasketak eskaintzen ditugu. Urtean behin eskaintzen den klasea da, eta 5-10 ikaslek hartu ohi dute parte. 

Azpeitiarrez Natul hiztegia osatzen ari da herriko euskara taldea. Zerk bereizten ditu zure lana eta Natul egiten ari dena?

Azpeitiarrez Natul hiztegia, hizkuntzalaritza terminoetan, hiztegi lexikoa da. Hau da, Azpeitiko euskaran bereizgarriak diren hitzak eta esamoldeak biltzen dituen lana da. Nirea hiztegi dialektologikoa da. Hori horrela, beste faktore batzuk hartu ditut kontuan lana osatzeko: parte hartu duten hiztunen soslai soziolinguistikoa, deskribapen fonologiko sendoa eta azentua. Lanaren audientzia ere ezberdina dela iruditzen zait. Nire proiektuaren lehen atala ulertzeko, behintzat, hiztunak hizkuntzalaritzaren jakintza maila altua behar du izan, erabilitako terminologia oso espezifikoa baita.

Zer iritzi duzu euskara taldea egiten ari den lanaz?

Primeran iruditzen zait, eta asko pozten nau jakiteak Azpeitiko euskaran interesatuta dagoen beste jende asko ere badagoela. Ederra da proiektua herri mailara eraman izana, eta herritarron feedbacka jasotzeko nahia plazaratzea, guztion hiztegia dela erakusteko.

Orain, zein asmo edo proiektu dituzu buruan?

Doktoretza egin ahal izateko eskaerak bidaltzen ari naiz Ameriketako hainbat unibertsitatetara. Osterantzean, Hualde irakaslearekin batera, euskal aldaera ezberdin batzuen azentu-sistemak aztertu ditut, eta Azpeitiko euskararen inguruan hainbat lan argitaratu ditugu. Gainera, nire lehen proiektu handia, master tesia izango dena, amaitu berri dut. Hori egiteko, Azpeitiko, Goizuetako eta Lemoako gazte euskaldunen parte hartzea behar izan dut, eta haien euskarak gaztelanian duen eragina aztertu dut. Azpeitiko taldearen kasuan, hiztunaren etxeko egoera soziolinguistikoa ere aztertu nuen. Bi guraso euskaldun zituzten herritarren eta gurasoetako bat edo biak erdaldunak zituzten lagunen kasuak erkatu nituen. Emaitza interesgarriak topatu ditut orain arte egindako lanetan, eta hori [hiztunen etxeko egoera soziolinguistikoa] esploratu nahi dut etorkizunean. Beraz, inor gaian interesatuta egongo balitz, jar dadila nirekin harremanetan, anderb2@illinois.edu helbidera idatzita.