Maitasunez egindako maitasun istorioa

Gipuzkoako Hitza 2017ko aza. 24a, 11:48
Amancay GaztaƱaga, Erika Olaizola eta Mikel Ibarguren, 'Z U L O' buruhandiarekin. (Maialen Etxaniz

'Z U L O' lanak bi sari jaso ditu azken hilabetean, eta hainbat zinema jaialditara aurkeztu dute. Herriz herri hasiko dira hamahiru minutuko film laburra eskaintzen; Durangon emango dute abenduaren 9an, eta Azpeitian hilaren 29an. Gipuzkoako Hitzak filmari buruzko erreportajea egin du.

Duela bi urte, Donostiako Aste Nagusian, buruhandiz eta erraldoiz inguratuta ikusi zuten beren burua Erika Olaizolak (Azpeitia, 1989) eta Amancay Gaztañagak (Guayaquil, 1980), kafe baten bueltan solasean ari zirenean. Buruhandi eta erraldoi haiei begira zeuden, neska txiki bat buruhandietako batengana hurbildu eta musu eman zionean. Gertaera haren lekuko izan ostean, hainbat egoera imajinatzen hasi ziren Olaizola eta Gaztañaga: "Neska batek eta buruhandi batek parteka ditzaketen momentuak zerrendatzen hasi ginen. Ideia guztiak lotuko zituen istorioa falta zitzaigun, ordea", kontatu du Olaizolak. Handik egun batzuetara, Zestoan elkartu ziren berriro, falta zitzaien "hori" aurkitzeko. Taberna batean bildu ziren, eta han bertan ospatzen ari ziren urtebetetze festa batek eman zien behar zuten ideia. Orduan hasi zen loratzen Z U L O  film laburra. Ideia nagusia zehaztuta, gidoia idazteari ekin zioten. "Istorioa asmatzea baino gehiago kostatu zitzaigun gidoia idaztea. Izan ere, antzerki mundutik gatoz gu, eta oso ezberdina da zinemako gidoi bat idaztea. Storyboard-a ere guk egin genuen. Kameraren atzeko lanetarako, berriz, Taom ekoiztetxeko lagun batzuengana jo genuen", kontatu du Gaztañagak. Ordurako zer eta nola kontatu argi zehaztua zutela gogoratu du Olaizolak, eta horri esker dena "errazagoa" izan dela.

Buruhandi protagonista izango zen aktorearen bila hasi ziren ondoren, ezaugarri jakin batzuk izango zituen pertsonaren bila. Argala eta altua behar zuen izan. Orduan agertu zen Mikel Ibarguren (Zestoa, 1995). Hark hezurmamitu du Z U L O. Neskaren paperean, berriz, Erika Olaizola murgildu da. Ibargurenek berak ere parte hartu zuen sortze prozesuan, artean guztia "airean" zegoelako hari proiektuaren berri eman ziotenean. Ibargurenek "pozez" hartu zuen proposamena: "Oso opari polita izan zen niretzat. Mundiala izan zen sortze prozesua bera ere, goxo-goxoa eta gertukoa".

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.