Elkarrengandik ikasi eta elkarri irakatsi

Uztarria.eus 2017ko aza. 15a, 15:02
Ezkerretik eskubira, Xindy Shu, June Urain, Maider Fernandez eta Iker Etxeberria. (Maialen Etxaniz)

Urola Ikastolako beste zenbait ikaslek bezala, Erasmus KA219 hezkuntza programan parte hartu dute June Urainek (Azpeitia, 2000), Xindy Shuk (Azpeitia, 1999) Maider Fernandezek (Azpeitia, 2000) eta Iker Etxeberriak (Azpeitia, 2000). Europako txoko eta ikastetxe ezberdinak bisitatu dituzte. Esperientzia "aberasgarria eta interesgarria" izan dela diote denek. Orain, beraiei dagokie atzerriko ikasleak herrian hartzea.

Xindy Shu: "Asko gustatu zitzaidan eskola, ikasleek asko adierazten zutelako ikastetxeko paretetan"

"Bi leku bisitatu ditut jada, Aguilar de Campoo (Gaztela-Leon, Espainia) eta Rovigo (Venetoa, Italia). Aurrena, Aguilar de Campoora joan nintzen. Hasiera batean, ez zitzaidan oso erakargarria egin, Azpeititik bost ordura dagoen herria delako, baina izandako esperientzia nahiko polita izan zen. Nere etxekoekin erderaz hitz egiten nuen han. Burgos bisitatu genuen, eta oso polita iruditu zitzaidan. Rovigon, aldiz, italiar baten etxean egon nintzen, eta hark ez zekien hain ondo ingelesez hitz egiten, ezta haren etxekoak ere. Baina italiera belarrira ulerterraza da, eta era batera edo bestera elkar ulertzen ginen. Haien eskola asko gustatu zitzaidan, hemengoa baino pixka bat errebeldeagoa zelako, eta ikasleek asko adierazten zutelako paretetan. Graffitiak eta marrazkiak ageri ziren, eta haien bidez, ikasleek asko adierazten zuten bai artistikoki eta baita kulturalki ere.  

June Urain: "Sekula ikusi gabeko gauzak ikusi genituen, eta ume txikien pare gozatu genuen"

"Finalndian izan nintzen, Tornion. Nahiz eta hegazkinean ordu asko igaro genituen, uste dut merezi zuen esperientzia izan zela, bai pertsona bezala hazteko eta baita kultura berri bat ikusteko ere. Otsailean joan ginen, eta hotz handia egiten zuen orduan. Txistea badirudi ere, 20 gratu zero azpitik egotera iritsi ginen. Hala moduz jantzita ibiltzen ginen, hotzari aurre egiteko. Egonaldiak iraun zuen bitartean gauza asko egin genituen: Santa Klausen etxea bisitatu genuen, elur-oreinetan ibili ginen eta izotzezko gaztelu bat ikusi genuen. Sekula ikusi gabeko gauzak ziren, eta ume txikien pare gozatu genuen. Egun batean izoztutako ibai batera ere sartu ginen. Bestalde, jateko berria ezagutu genuen, izokina zein oreina jaten zuten han, eta horiek jatera ohitu ginen. Ikusi genuen horren zabalduta dagoenkontua ez dela mito bat, eta finlandiarrak irekiak ez direla konturatu ginen. Hala ere, ondo moldatu ginen beraiekin".

Maider Fernandez: "Arreta deitu zidan 'kuadrilla' kontzeptua ez dutela ikusteak"

"Iazko otsailean joan nintzen Herbeeheretara. Izugarrizko esperientzia izan zen, kultura berria ezagutzeko aukera eman baitzidan. Arreta deitu zidan 'kuadrilla' kontzeptua ez dutela ikusteak. Gehienetan, lagunik onenarekin ibiltzen dira beti, binaka. Han guztiek ingelez ondo hitz egiten zuten, eta horrek niri ingelesa ikasten lagundu zidan. Janariari dagokionez, harrigarria zen denbora guztian jaten ari zirela ikustea". 

Iker Etxeberria: "Poloniako eta hemengo giroa berdina ez dela ikusi genuen"

"Ni Leznon (Polonia) egon nintzen zazpi egun igarotzen. Bertan, Polonian nola bizi diren ikusi genuen, baita zer lan egiten dituzten ezagutu ere. Ikusi genuen hango eta hemengo giroa ez dela berdina. Familia giroan bai, baina lagunekin harremana oso ezberdina da, askoz ere bananduago daude elkarrengandik. Hala ere, jende jatorra da. Ingelesari dagokionez, gu ondo moldatu ginen, arazorik gabe. Han, batzuek izugarrizko maila zuten, eta beste batzuek, aldiz, komunikatzeko zailtasunak zituzten. Hala ere, orokorrean, ondo moldatu ginen".