Jolas ordua heziketaren parte

Urola Kostako Hitza 2017ko urr. 31a, 13:39
Uztaroko haurrak, familiak, ikasle ohiak, hezitzaileak eta udal ordezkariak, haurreskolaren jolastoki berrituan. (Azpeitiko Udala)

Ikastetxeetako jolastokiak eraldatzen ari dira Azpeitian, udalarekin elkarlanean. Jolas denborako dinamikak ez ezik, jolaserako espazioak ere aldatu nahi izan dituzte.

Jolastokiak berrituta abiatu dute 2017-2018 ikasturtea Azpeitiko ikastetxeetan. Azpeitiko Ikastola Ikasberrin irailean aurkeztu zuten aurreko ikasturtean hasitako lanen emaitza; ikastolaren atarian egin dute jolastoki berria, lehen bizikletentzat egokituta zegoen 250 metro koadroko lur eremuan. Uztaro haurreskolan ere berritu egin dute jolas parkea eta duela bi aste aurkeztu zuten. Joan den astean, berriz, Azpeitiko Ikastola Karmelo Etxegarairen Haur Hezkuntzako eraikineko jolastoki berriaren txanda izan zen.

Otsailean, azken horren lanen iragarpenarekin batera eman zuen udalak herriko ikastetxeetako jolastokiak hezkuntza zentroekin elkarlanean eraldatzeko zuten asmoaren berri. Udalaren Parekidetasun eta Hezkuntza sailak, ikastetxeekin batera, jolas kooperatiboen proiektua lantzen aritu dira azken lau urteotan Hezkidetza Foroaren barruan. Lanketa horretatik sortu da, hain zuzen, jolas orduetako dinamikak ez ezik, jolastokietako espazioak ere aldatzearen beharra. "Ikastetxe guztietan aztertu dituzte jolas orduak eta guztietan erabaki dute horiek birplanteatzea; jolasak, azpiegiturak eta jolastokiaren antolaketa bera berrikustea. Hortik dator proiektu honen zati handi bat", Leire Goenaga Hezkuntza batzordeburuak bere garaian adierazi zuenez.

Jarraitu irakurtzen Urola Kostako Hitzaren webgunean.