Igandean izango da Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. argazki rallya

Uztarria.eus 2017ko urr. 30a, 14:54
Iazko edizioa irabazi zuen irudia. (Igor Froilan)

Rallyan parte hartu nahi dutenek izen-ematea egunean bertan egin beharko dute, 09:00etatik 09:30era bitartean, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan. Kamera digital bat eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. 16 urtetik beherakoek izen-ematea doan izango dute. 16 urtetik gorakoek, aldiz, 10 euro ordaindu beharko dute izen-ematea.

Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. argazki rallya egingo dute igandean, azaroaren 5ean, Azpeitiko Argazki Elkarteak eta Lagun Onak Mendi Bazkunak elkarlanean antolatuta. 

Ekintzan parte hartu nahi dutenek izen-ematea igandean bertan egin beharko dute, 09:00etatik 09:30era bitartean, Azpeitiko Argazki Elkartearen egoitzan (Perez Arregi plaza 1). Kamera digitala eta memoria-txartel huts bat duen edonork har dezake parte rallyan. Izen-ematea 10 euro ordaindu beharko da. 16 urtetik beherakoek, aldiz, izen-ematea doan izango dute. Rallya amaitzean bazkaria egingo dute Lagun Onak Mendi Bazkunaren tabernan, eta bazkarira joan nahi duenak izen-emate garaian adierazi beharko du.

Oinarriak eta sariak

Rallyaren abiatu lekura autoz joan beharko dela aurreratu dute antolatzaileek, eta hamaiketakoa ibilbidean zehar egingo dutela. Rallya 13:30 aldera amaituko da. Rallyrako hautatutako gaiak egunean bertan jakinaraziko dituzte antolatzaileek. Partaide bakoitzak 36 argazki aurkezteko aukera izango du, baina aukeraketa ez dute azaroaren 6an egin beharko. Rallyaren amaieran, behin txartelak hustutakoan, parte-hartzaile bakoitzak argazki aukeraketa bere etxetik egin ahal izango du, eta aukeratutako irudiak azaroaren 13ra bitartean bidali beharko ditu argazkiakaae@gmail.com helbidera. Bertan, partaidearen izena, artxiboaren izena eta gaiaren zenbakia zehaztu beharko dituzte.

Aurrenena sailatzen den parte hatzaileak 180 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Bigarrenak 150 euro eta garaikurra, eta hirugarren sailkatuak 120 euro eta garaikurra. Aldiz, herriko aurreneko lehen sailkatuak–Azpeitian bizi edo Azpeitiko Argazki Elkarteko bazkide dena– 90 euro eta garaikurra eskuratuko ditu. Argazki onenaren saria jasotzen duen partaideari 60 euro eta garaikurra banatuko zaizkio. 

16 urtetik beherakoen kasuan, berriz, lehena sailkatzen denak 30 euroko balea eta Garaikurra jasoko ditu; bigarrenak 20 euroko opari txartela eta garaikurra; eta hirugarren sailkatuak 15 euroko opari txartela eta garaikurra.

Sari banaketa eta argazkien proiekzioa azaroaren 25ean egingo dute, 18:30ean hasita, Lagun Onak MBren elkartean (Eliz Kale 21).

Mendiko XXII. eta Udazkeneko XXVIII. argazki rallya Herriz Herri txapelketarako puntuagarria izango da. 

Oinarri guztiak PDFn nahi dituenak eskuragarri ditu argazki elkartearen webgunean.