Oihana Azkorbebeitiak eta Eneko Zarrabeitiak irabazi dute VIII. Kros Mistoa

Uztarria.eus 2017ko urr. 28a, 23:01

Oihana Azkorbebeitia eta Eneko Zarrabeitia bizkaitarrek jantzi dute Azpeitiko VIII. Herriarteko Kros Mistoaren txapela, Urola Kostako Kros Mistoen II. Txapelketaren estreinako proba. 22 minutu eta 21 segundo behar izan dituzte irabazleek 6 kilometroko ibilbidea osatzeko. 17 segundora sailkatu dira Maite Etxezarreta azpeitiarra eta Aitor Mimenza elorriotarra, bigarren tokian. Lehen bi bikoteek borroka estua izan dute hasieratik, eta tarte handia atera diete gainerako parte-hartzaileei. Horrela, hirugarren sailkatu diren Lourdes Colomok eta Jose Luis Arratek 00:24:34ko denbora egin dute.

Azpeitiko lehen bikotearen saria, berriz, Xabi eta Maider Korta anai-arrebek lortu dute; zortzigarrenak izan dira sailkapen nagusian. Guztira, 72 bikotek parte hartu dute gaur Ikasberri Kirol Elkarteak antolatutako proban. Abiatu aurretik, urtero legez, euskal selekzioen ofizialtasunaren aldeko argazkia atera dute kirolariek.

Sailkapen osoa herrikrosa.eus webgunean ikus daiteke.