Antzerki Eskolen Egunarekin zabalduko dute XXXV. Euskal Antzerki Topaketen teloia, azaroaren 1ean, asteazkenean. Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak antolatuta eta Metrokoadroka Taldearen eskutik antzerki ikerkuntza tailerrak eskainiko dituzte goiz osoan, plazan. Horrez gain, Pertsonaien iraultza kale antzerkia izango da ikusgai, Antzokitik at! taldearen eskutik.
Azken urteetan bezala, aurten ere lau astez luzatuko dira antzerki topaketak, eta mota guztietako eta adin guztietako herritarrentzat obrak izango dira ikusgai. Haurrentzako eta helduentzako antzezlanak, ikasleei zuzendutako antzerkiak eta V. Antzerki Eskolen Eguna izango dira, besteak beste.
Gaur, osteguna, aurkeztu dituzte Topaketak udaletxean, eta bertan izan dira Eneko Etxeberria Azpeitiko alkatea, Josu Labaka Kultura zinegotzia, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteko Itziar Elias, gaztetxoen Azpeitiko Antzerki Eskolako irakasle Alaitz Olaizola, Txalo Produkzioakeko kide Xabier Agirre, Metrokoadroka Kolektiboko Oier Guillan, Atx Teatroko Iñaki Ziarrusta, Zestoako Interpretazio Eskolako aktore Manolo Gaztañaga, gaztetxeko antzerki alternatiboen zikloko antolatzaile Erika Olaizola aktorea eta Kulturaz Kooperatibako ordezkari Aitor Bengoetxea.
Aurkezpenean izan diren guztiek nabarmendu dute Antzerki topaketak "euskara hutsean" egiten direla, eta hori "izugarria" dela esan dute. Horrez gain, "eskerrak" eman dizkiete topaketa hauek antolatzea posible egin duten guztiei. Josu Labaka Udaleko Kultura zinegotziak adierazi duenez, topaketekin euskal antzerkiari "bultzada ematen saiatu" dira, eta aurrerantzean ere "lanean segiko" dutela gaineratu du. Horrez gain, Labakak aipamen berezia egin dio kultura teknikari Pili Arrietari, urtez urte topaketak antolatzeko "ilusioz" egiten duen "atzeko lanagatik", eta aipatu du horren erakusle dela aurtengorako prestatu duen egitarau "oparoa".
Ikuslearen saria
Labakaren esanei erantzunez, Arrietak adierazi du "ia hasieratik, urte asko" daramatzala Euskal Antzerki Topaketak antolatzen. Eta gaineratu du, ekonomikoki "laguntza handirik ez" izan arren, "euskara hutsean" den topaketari eusteko "ilusio handiarekin" egiten duela lana. Bestalde, gogoratu du, topaketatan ikuslearen saria ematen zaiola publikoak gustukoen izan duen lanari. Horretarako, emanaldi bakoitzaren hasieran, 0tik 10era zenbakitutako txarteltxo bana ematen zaio ikusle bakoitzari, bukaeran bozkatu dezaten. Arrietak dio "ikusleen parte-hartze hori oso garrantzitsua" dela.
Azpeitiko alkate Eneko Etxeberriak adierazi du "zailtasun asko" izanagatik, "beste erakunde batzuk ez bezala, Azpeitiko Udalak apustu sendoa" egiten duela antzerki topaketak antolatzeko. Izan ere, iaz, hogeita hamalau urtean aurreneko aldiz, Euskal Antzerki Topaketek ez zuten Eusko Jaurlaritzaren diru-laguntzarik jaso. Euskal Antzerki Topaketak "helburu asko" dituela aipatu du alkateak, baina guztien gainetik bat nabarmendu du: "antzerkiaz gozatzea". Etxeberriaren esanetan, azaroaren 1etik 26ra, haurrentzat, gazteentzat eta helduentzat amateur zein profesional mailako hamaika obra izango dira ikusgai herriko hiru lekutan: Soreasun, gaztetxean eta plazan. "Eta, noski, elementu batek ezin du hutsik egin, ikus-entzuleek, herritarrek. Beraz, antzerki topaketarekin gozatzera animatzen dut jendea".
Sarrerak, Internetez ere bai
Topaketetarako sarrerak aurten bigarren aldiz, aurrez, Internet bidez erosi ahal izango dira azpeitia.eus webgunean. Horrez gain, antzezlanen egunetan erosi ahal izango dira Soreasu antzokiko lehiatilan. Obra baino ordubete lehenago zabalduko dute lehiatila, eta helduek bost euro eta 14 urte bitartekoek 3 euro ordaindu beharko dute sarre. Gaztetxean eskainiko diren emanaldiak, berriz, doan izango dira.
XXXV. Euskal Antzerki Topaketen egitaraua
Azaroak 1, asteazkena
V. Antzerki Eskolen Eguna
Goiz osoan: EHAZEk antolatuta eta Metrokoadroka Taldearen eskutik antzerki ikerkuntza: tailerrak eta Pertsonaien iraultza kale antzerkia, Antzokitik at! taldearen eskutik. Plaza Nagusian. Amaitzeko, ogitartekoak Sanagustin kulturgunean.
Azaroaren 1etik 17ra
Corrado Massacciren Txontxongiloen ametsak txontxogilo tailerra ikastetxeekin eta txontxongilo erakusketa, Betharram Aretoan.
Azaroak 3, ostirala
21:30ean: Miss Karaoke, Soreasun. Metrokoadroka Kolektiboaren eta Pez Limboren eskutik.
Azaroak 4, zapatua:
21:30ean: Ez dok hiru, Soreasu antzokian. Tartean Teatroaren eskutik.
Azaroak 5, igandea
17:00etan: Mendi tontorrean, Soreasu antzokian. Txaloren eskutik.
Azaroak 9, osteguna
21:00etan: Erbeste edo sahiets baten aldarrikapenak, udaletxeko ganbaran. Anodino Teatroaren eskutik.
Azaroak 13, 14, 15 eta 16 Eskola edo Gaztetxoei Zuzenduriko Antzerkia
11:00etan eta 15:30ean, Soreasu Antzokian.
Azaroak 10, ostirala
21:30ean: Hau da nire ametsen kolorea, Soreasun. Compagnie Rouge Elearen eskutik.
Azaroak 11, zapatua
21:30ean: Etxeko saltsak, Soreasu Antzokian. Txalo Prokuzioaken eskutik.
Azaroak 12, igandea
17:00etan: Azken itzulia, Soreasu Azntzokian. Theatre des Chimeresen eskutik.
Azaroak 12, igandea
17:00etan: Plisti plasta, Dinamoan. Pantzart Teatroaren eskutik.
Azaroak 17, ostirala
21:30ean: Heriotza bikoitza (Doble Malta), Soreasu Antzokian. Jon Ander Alonsoren eskutik.
Azaroak 18, larunbata
21:30ean: Hysteria, Soreasu Antzokian. Eromen Produkzioaken eskutik.
Azaroak 19, igandea
17:00etan: Lunaticus Circus, Soreasu Antzokian. Teatro Paraisoren eskutik.
Azaroak 23, osteguna
21:30ean: Hozkailua, Gaztetxean. Huts Teatroaren eskutik. Antzerki alternatiboaren VI. ziklo berezia. 20:00etan luntx bejetarianoa eskainiko da.
Azaroak 24, ostirala
21:30ean: Bihotz salataria, Gaztetxean. Atx Teatroaren eskutik. Antzerki alternatiboaren VI. ziklo berezia. 20:00etan luntx bejetarianoa eskainiko da.
Azaroak 26, igandea
XXXV.Euskal Antzerki Topaketen Amaierako Ikuskizuna
18:00etan: Maurizia, Soreasu Antzokian. Aukeran Dantza Konpainiaren eskutik.