Landaren golarekin, etxean gelditu dira hiru puntuak

Uztarria.eus 2017ko urr. 21a, 21:21

Mikel Landak sartutako golak erabaki du Lagun Onaken eta Anaitasunaren arteko derbia. Lau urteren ostean, Garmendipen egin dute topo bi taldeek, Espainiako Hirugarren Mailako joaneko partidan. 64. minutuan iritsi da etxekoen aldeko gola.

Harmailak jendez lepo zirela, Jon Guridi eta Igor Zubeldia Realeko jokalariek atera dute ohorezko sakea, eta 17:00ak jota hasi da neurketa. Aurreneko zatia ez da oso gorabeheratsua izan, baina epaileak adierazi dituen hainbat faltek giroa berotu dute, zelaian zein harmailetan. Gola sartzeko aukera gutxi izan dute bi taldeek aurreneko 45 minutuetan, eta markagailua hutsik amaitu dute derbiaren aurreneko zatia.

Bigarren denbora-erdia hasi eta gutxira, 58. minutuan, egin du lehenengo aldaketa Lagun Onakek, eta Arteagaren lekua hartu du Landak. Futbolari azpeitiarra berehala murgildu da partidan; zelairatu eta sei minutura jarri du markagailua etxekoen alde, Tenaren erdiraketa errematatuta. Nahiz eta partidaren azken minutuetan azkoitiarrek markagailua berdintzeko aukerak izan dituzten, markagailuari eustea lortu du Lagun Onakek. 

Lagun Onaken eta Anaitasunaren arteko azken derbia 2013ko urtarrilaren 26an jokatu zen, eta orduan ere etxeko taldea nagusitu zen markagailuan, 1-0.

(Argazkiak: Maialen Etxaniz).