Hizkuntza txikiek mundua handitzen dutelako

Uztarria.eus 2017ko urr. 20a, 13:36

Udal Euskaltegiak atzo ospatu zuen 2017-2018 ikasturtearen hasierako festa. Ikasleak, irakasleak, langileak eta udal ordezkariak Sanagustin kulturgunean elkartu ziren ekitaldirako, eta ondoren, mokadutxoa egiteko aukera ere izan zuten.

Josu Labaka Udaleko Euskara batzordeburua eta Eneko Etxeberria alkatea izan ziren hitza hartzen aurrenak, elkartutakoei harrera eginez. Labakak euskaraz eta Etxeberriak gaztelaniaz, biek eskertu eta nabarmendu zuten ikasleek euskara ikasteko edota hizkuntzaren ezagutzan sakontzeko egiten duten ahalegina. Udal Euskaltegiko irakasleen lana eta mintzapraktika taldean aritzen diren boluntarioena ere eskertu zuten, eta euskaltegiaren bidez Udalak euskara irakasteko baliabideak jartzeko duen konpromisoa berretsi zuten, besteak beste.

Ikasleak izan ziren, ordea, ekitaldiaren protagonista nagusiak. Euskara ikasten orain dela bi urte hasi zen Maneryn euskaltegiko ikasle guatemalarra eta mintzapratika taldean dabilen Lassana senegaldarra Azpeitira bizitzera etorri eta euskararekin hemen topo egiten dutenen bizipenen islada izan ziren. Jabier eta Ander, berriz, azpeitiarrak eta euskaldunak dira, baina biek jo dute Udal Euskaltegira azken urteotan; lanerako behar zituzten egiaztagirien bila joan ziren biak lehen aldiz, eta biek erabaki zuten euskaltegiko ibilbidea luzatzea, beren ama hizkuntza hobeto menperatzearen garrantziaz jabetuta.

Internet bidez mintzapratiketan lagun duen Estrasburgoko (Frantzia) lagunari euskara zergatik ikasten duen, euskaldun zergatik izan nahi duen galdetu ziola azaldu zuen Ander azpeitiarrak, eta hark erantzun: "Hizkuntza txikiek mundua handitzen dute". Euskararen eta euskaldunen mundua handitzen ariko dira ikasturte honetan ere Udal Euskaltegian eta mintzapraktika egitasmoan.