Olatz Garmendia: "Egun jendea ez dago bizimodu honetarako"

Uztarria.eus 2017ko urr. 19a, 20:37
Olatz Garmendia.

Uztarria herri aldizkariaren urriko zenbakia webgune honetan ere irakurri daiteke jada (hemen, PDF formatuan). Aldizkariaren 198. zenbaki horretan, besteak beste, Olatz Garmendia Donamariako karmeldarretako moja azpeitiarrari egindako elkarrizketa hau dator.

Duela ia mende erdia, 19 urterekin, joan zen Donamariara (Nafarroa) Olatz Garmendia (Azpeitia, 1948). Karmeldarrek han duten komentuan sartu zen klausuran, eta hango Ama Nagusi ere izana da hainbat urtez.

Zergatik moja eta klausuran?

Beti izan naiz oso umezalea, eta sasoi hartan Azpeitian esklabak, jesuitinak, miserikordia... zeuden. Ordurako, ordea, bazen eskolak emateko edo gaixoak zaintzeko titulua zuen jendea, eta kontenplalari izatea aukeratu nuen. Klausurako moja esaten diegu kontenplalariei, baina hori gure bizimodurako baldintza bat da, ez da gure funtsa. Jainkoari nire bizitza eskaintzea erabaki nuen, bere alde egitea, berarentzat bizitzea, eta hor bilatu nuen funtsa. Karmeldar izatea aukeratu nuen gure etxean horien tradizio handia zegoelako: osaba bat karmeldarra zen eta anaia ere bai, gero utzi bazuen ere.

Eta nolatan Nafarroara?

Gipuzkoan ere baziren karmeldarren komentuak, hala nola Donostian, Zarautzen eta Azkoitian. "Azkoitira ez behintzat", esaten nuen neure artean; urrunago joan nahi nuen. Anaia karmeldarra zen orduan, eta hark esan zidan Donamariara joatea gomendatu ziola fraide batek, "haiek irekiagoak" zirela eta. Horregatik etorri nintzen hona, baina nik ez nuen Donamaria ezagutzen, ez nekien non zegoen ere.

49 urtera hor jarraitzen duzu. Zer moduz?

Kontenplalariak gara gu, eta, normalean, ez dugu komentuz aldatzen. Badira bestelako kasuak ere, baina ez gaituzte tokiz aldatzen. Gustura nago hemen, Nafarroako herri txiki polit honetan.

Nola oroitzen dituzu hasierako urteak?

Ahizpak-eta txikiak ziren, eta asko kostatu zitzaidan haiek uztea. Gogor samarra izan zen, baina komentuan oso ondo hartu ninduten, eta berehala ohitu nintzen bertara. Poztasunak hartu ninduen, eta oroitzapen onak ditut. Oso bertakotuta nago.

Zer esan nahi du klausurak?

Jainkoarekin harreman berezi bat daukagu guk, eta komentuan dugun giro berezia zaintzeko itxitura bat dago. Garai batean zorrotza zen oso, baina, gaur egun, asko normaldu da. Lehen, hesiak genituen komentuan, leiho txiki-txikiak zituen eraikinak... Egia esan, hasieran, asko kostatu zitzaidan klausuraren baldintzetara ohitzea, baina bokazio hori nuen, jainkoarentzat bizi nahi nuen. Gaur egun, askok ez du sinetsiko hor badenik zerbait, hori gezurra dela esango dute, baina uste dut jainko bat badela, eta testigantza hori emateko sartu nintzen Donamarian.

Nolakoa da zure egunerokoa?

Hiru ardatz ditu gure bizimoduak: lana, elkarbizitza eta otoitza. Jainkoari eskaintzen diogu gure bizitza, baina mama goxua ez datorkigu zerutik, lana egiten dugu. Enkoadernaketa lanak egiten ditugu, maindireak edo baserritar jantziak josten ditugu, ostatu ematen diegu otoitz egitera edo hausnartzera datozenei... eta egiteko horiekin lortzen dugu laguntza pixka bat. Gainera, baratzea, oiloak nahiz fruitu arbolak ditugu. Egunean hainbat otoitzaldi egiten dugu, meza izaten dugu... Bazkariak, adibidez, isilik egiten ditugu normalean, baina urtebetetzeak, jaiegunak edo bestelako festak ditugunean, hitz egiten dugu. Arratsaldean moja guztiok elkartzen gara, errekreoa deitzen diogu tarte horri [kar, kar, kar], eta geure kontuez edo irratian-eta entzundakoez hitz egiten dugu.

Klausuran egonagatik, ez zaudete mundutik aparte?

Ez, ezta gutxiago ere. Interneteko sarbidea dugu, irratia ere bai, egunkaria erosten dugu...

Halere, klausura  isolatuta egotearekin lotu ohi da.

Bai, garai batean askoz ere itxiagoak ziren eta ginen, nahiz eta karmeldarrak ez garen itxienetakoak. Lehen, herriko konturen batzuk eta gutxi gehiago jakiten zen komentuetan. Denborarekin, aurreratzen ari gara.

Donamariako herritarrekin harreman berezia duzue. Jaietan bisita egiten dizuete, besteak beste.

Ez dira egunero gugana etortzen, baina oso harreman ona daukagu herritarrekin. Egun jakinetan etortzen dira: haurrak jaiotzen direnean, ezkontzen direnean, jaietan, Gabonetan... Adibidez, Olentzeroren kalejira komentuaren aurretik pasatzen da, eta gu atarira irteten gara Olentzero abestera. Urte Berri egunean, berriz, umeak urtatxak biltzen aritzen dira etxez etxe, eta egiten digute bisita. Inauterietan herritarrak mozorrotuta etortzen dira guk ikus ditzagun. Bestalde, abuztuko herriko festetan ohitura bilakatu da herritarrak komentura etortzea. Aurtengo bisitako bideoak, gainera, sarean ibili dira bolo-bolo, ikaragarria izan da. Hamabost urte badira festetan bisita egiten hasi zirela, eta orain festetako egitarauan ere sartzen dute hitzordua: mojei bisita.

Bertsoz eta kantuz pasatu zenuten bisita.

Hemendik bertsolari onenak pasatu dira: Maialen Lujanbio, Sebastian Lizaso, Andoni Egaña, Jon Sarasua... Bertso oso politak abesten dizkigute. Zerua, jainkoa eta denak aipatzen dituzte, eta oso ederra izaten da. Aurtengo jaietan Onintza Enbeita eta Oihana Iguaran etorri ziren, eta txundituta gelditu ziren giroarekin. Herriarekin hartu-eman oso ona dugu, asko errespetatzen gaituzte, maite gaituzte.

Zer harreman duzu sorterriarekin, Azpeitiarekin?

Orain dela gutxi izan nintzen hor. Gogoeta Astea izaten da Loiolan urtero, eta hara gonbidatu ninduten hitzaldi bat ematera. Goiz batean solasaldia eskaini nuen, eta arratsaldean otoitzaldia egin genuen bertan. Behin joanda, ordea, aste guztia pasatzea erabaki nuen, eta halaxe ibili nintzen. Familiakoekin eta lagunekin pasatu nuen astebete, giro ederrean. Afariak egin ditugu batean eta bestean, gure familia juergista samarra da eta. Azpeitia asko maite dut, gauden tokian gaudela ez dugu Azpeitia ahanzten.

Askotan etortzen al zara?

Normalean, kontu tristeak tarteko joan izan naiz Azpeitira: gurasoak hil zirenean-eta joan nintzen edo familiakoren bat hiltzean. Baina oraingoan ez naiz kontu tristeak tarteko izan bertan, eta halako aukera politak aprobetxatu egin behar dira. Duela hiru urte ere Loiolara gonbidatu ninduten, eta gustura joan nintzen. Bisita asko ez, baina, hori bai, Uztarria aldizkaria hilero jasotzen dut, eta gustura irakurtzen dut. Aldizkariari esker izaten dut Azpeitiko kontuen berri, eta eskertzen da.

Euskadi Irratian kolaboratzen duzu. Gustuko al duzu irratian hitz egitea?

Ai ama, hala da bai. Gustura aritzen naiz, baina gertatzen dena da, tamalez, ez garela asko euskaraz hitz egiten dugun mojak, eta horregatik jotzen dute denek nigana. Besterik ez dagoelako jarduten dut, ez ona naizelako. Duela bi urte deitu zidaten goizean goiz Euskadi Irratian egiten duten Argi ibili saiotik solasean aritzeko proposamena egiteko. Ikasturte bat egin nuen, eta, egia esan, gustura aritu nintzen. Iaz berriro deitu zidaten, bost-zortzi minutu inguruko saioa egiteko, eta baiezkoa eman nuen. Dirudienez, jende askok entzuten du; izan ere, Azpeitian izan naizenean herritar askok esan dit entzun izan nauela. Eta nik galdetzen dut: "Jendeak zer egiten du ordu horietan irratia entzuten?". 05:45ak aldean aritzen naiz solasean, asteazkenetan, eta...

Zeri buruz hitz egiten duzu?

Edozerri buruz: Donald Trumpez, politikaz, gure eskualdeko kontuez, herri galdeketez, baratzeaz, eguraldiaz... Zertaz ez dugu hitz egiten! Gai guztiak ukitzen ditugu, Aita Santua, eta direnak eta ez direnak. Asteko gertakizun bereziei egiten diegu lekutxoa.

Donamariako komentuan, zein da euskararen errealitatea?

Hamalau moja bizi gara hemen, eta bi edo hiru gara euskaldunak. Horiei euskaraz hitz egiten diet nik beti, baina beraiek batzuetan gaztelaniaz erantzuten didate. Lehen, baziren beti euskaraz hitz egiten zuten moja batzuk, baina hil egin ziren. Komentuko egoera aldatu egin da, hainbat tokitako mojak bizi baitira hemen: Madril, Albacete, Burgos... Azpeitiarrok altxor hori daukagu, –euskara­–, eta zaindu egin behar dugu. Donamaria oso herri euskalduna da, eta saiatu naiz komentuan euskara sartzen. Irakatsi dizkiet euskarazko abesti batzuk, meza ere elebitan egiten dugu... baina saiatuta, asko saiatuta. Erdaldunak dira moja gehienak, eta horiei kostatu egiten zaie ikastea, nahiz eta euskararekiko jarrera ona duten.

Zer etorkizun ikusten diozu klausurari?

Orain, oso emakume gutxik aukeratzen du moja izatea, asko aldatu dira gauzak. Guk ere bizimodu mota hau aldatzen joan behar dugu, gizartea ere zeharo aldatu delako, eta aldaketa egiteko prest gaude. Argi daukagu: egun, jendea ez dago bizimodu honetarako, lau pareten artean egoteko, eta normala da, beste martxa bat baitago kanpoan. Emakumea aurrera egiten ari da askatasunera bidean, eta ez dago prest hemen lotuta eta lege guztien menpe egoteko. Normala da, emakumeok geure bidea egin behar dugulako. Kristautasuna da garrantzitsua, eta hori ez da galduko, baina molde berrietara egokitu behar dugu. Zaharrok berritzen hasi beharko dugu; asko ireki bagara ere, askoz gehiago egin behar dugu. Denborarekin, klausurak bukatu egin behar badu, hala beharko du. Gauza asko desagertuko dira aurrera egiten den aldiro, eta klausura desagertzen bada ere, kontenplalariak izango dira.